Funtsezko gutxieneko zerbitzuak bermatzeko agindua eman du Mikel Torres Lehendakariordeak, martxoaren 10, 11 eta 12rako dei egin duten eskola jantokien greba deialdiaren harira.
Datorren asteko grebak 563 ikastetxetan izango du eragina, bertan lan egiten duten enpresetako sukaldeko langileei zein begiraleei, eta horrek eragina izango du, aldi berean, 83.133 ikaslerengan, Haur Hezkuntzatik hasi eta Bigarren Hezkuntzaraino.
Jaurlaritzatik Konstituzioaren 28.2 artikulua gogorarazi dute, zeinak berresten duen grebarako eskubidea oinarrizko eskubidea dela, baina horrek ez duela ahalbidetzen “babesik gabe uztea beste oinarrizko eskubide batzuk, hala nola, hezkuntza, osotasun fisikoa edo adingabeen segurtasuna”. Horregatik, “neurri proportzionalak” hartzearen aldeko deia egin du Torres sailburuak, “funtsezkotzat” jo baitu eskolako ikasleen eskolako jantoki zerbitzua, “hezkuntza eta gizarte funtzioa betetzen duelako”. Era berean, gogorarazi dute “edozein greba deialditan bezala, enpresa bakoitzari dagokiola gutxieneko zerbitzuak bermatuko dituzten langileak izatea eta horien antolamendua izendatzea”.
Jaurlaritzatik azaldu dutenez, emandako agindua aurreko greba deialdiaren oso antzekoa da, baina ikastetxeek “autonomia handiagoa” izango dute datorren astean, “egoeren aniztasuna” ikusita. Hala ere, guztiek bete beharreko zenbatekoak honakoak izango dira: sukaldeko langileen %10 lanean izan beharko da, gutxienez pertsona bat zentro bakoitzeko, eta menu errazak prestatu beharko dira, alergiak eta intolerantziak kontuan hartuz; officeko langileen %10 izan beharko da, ikasle guztientzako zerbitzua bermatzen eta jantokiaren muntaketa zein garbitze lanetan laguntzen; begiraleen kasuan zenbatekoak zehatzagoak dira: 2 urteko ikasleekin mahaikideko begirale 1, 3 urtekoekin 15 mahaikideko begirale 1, eta gainontzeko ikasleekin zentroko begirale guztien %15.
Araudiarekin, Jaurlaritzak bermatu nahi du “adinez txikiko bakar bat ere arretarik gabe ez geratzea bermatzea, eta,, aldi berean langileen greba-eskubidea zaintzea”.