• EKONOMIA
  • Espainiako Gobernuak 13.590 milioi inbertituko ditu sare elektrikoan 2030era arte

Espainiako Gobernuak 13.590 milioi inbertituko ditu sare elektrikoan 2030era arte

Egungo plangintza baino % 65 gehiago da

Sara Aagesen Trantsizio Ekologikorako ministroa | Argazkia: Europa Press
Sara Aagesen Trantsizio Ekologikorako ministroa | Argazkia: Europa Press
2025eko irailaren 12a - 16:08

Espainiako Gobernuak iragarri du 13.590 milioi euroko inbertsioa egingo duela 2030era bitartean argindarra garraiatzeko sarean. Sara Aagesen Trantsizio Ekologikorako ministroak azaldu duenez, planak herrialdeko energia-beharrak asetzea eta Energia eta Klimaren Plan Nazionalaren helburuetan aurrera egitea bilatzen du, industria-proiektuei lehentasuna emanda.

 

Aurreikusitako kopurua indarrean dagoen planarena baino %65 handiagoa da; izan ere, planak 8.203 milioi euro aurreikusi zituen 2026ra arte. Egungo konexio-ahalmena hamalau aldiz handitzea aurreikusten du proposamenak: 27,7 gigawatt (GW) garraioan eta 5,3 GW banaketan. Horretarako, 422 konexio berri aurreikusi dira, kontsumitzaileei, azpiegiturei (portuak, trenbideak...) eta banaketa-sarea indartzeari zuzenduak.

Energiaren xedeari dagokionez, 9 GW gorde dira industria-proiektuetarako, 1,8 GW etxebizitzetarako, 13,1 GW hidrogeno berderako eta 3,8 GW datu-zentroetarako, besteak beste. Sarearen %21 modernizatzea eta energia berriztagarrien zein biltegiratze-sistemen integrazioa erraztea ere aurreikusten da, galerak murrizteko eta sistema elektrikoaren egonkortasuna hobetzeko.

 

Gainera, garraioan eta banaketan inbertitzeko mugak %62 handitu nahi ditu Espainiako Gobernuak, baita enpresei kontrol zorrotzagoak ezarri ere. Horiek zigortu ahal izango dira onartutako inbertsio-planak betetzen ez badituzte. “Kontsumitzaileak babestea eta prezio lehiakorrak bermatzea da helburua”, adierazi du Aagesenek. Errege-dekretu proiektuak urriaren 6ra arte izango du alegazioak aurkezteko aukera.