• EKONOMIA
  • Espainiak bankuen interesak eta enpresa energetikoen fakturazioa zergapetuko ditu

Espainiak bankuen interesak eta enpresa energetikoen fakturazioa zergapetuko ditu

Espainiako Gobernuak %4,8ko tasa aplikatu nahi du komisio eta finantza-interesen gainean, eta %1,2koa energiaren sektorearen salmenten gainean

Maria Jesus Montero Ogasun ministroa | Argazkia: Moncloa
Maria Jesus Montero Ogasun ministroa | Argazkia: Moncloa
2022ko uztailaren 28a - 15:25
Eg. 2023ko urtarrilaren 12a - 09:47

Espainiako Gobernua osatzen duten bi alderdiek gaur aurkeztu dute Pedro Sanchez presidenteak duela bi aste kongresuan iragarritako aparteko zergen proposamena. Zerga berriek bankuek komisio eta interesengatik lortutako mozkinak eta energia enpresen fakturazioa zergatzea dute helburu.

 

Zerga berriek 800 milioi eurotik gorako diru-sarrerak dituzten finantza-erakundeei eta 1.000 milioi eurotik gora fakturatzen dituzten energiaren alorreko enpresa taldeei eragingo diete. Hala ere, energiaren alorra enpresaren negozio guztiaren fakturazioaren %50 baino gutxiago denean, zerga salbuetsita egongo da.

Gaur aurkeztutako proposamenak banku-erakundeen komisio eta interesengatiko mozkinak %4,8ko tasarekin zergatu nahi ditu. Zerga 2023an eta 2024an aplikatuko da eta 1.500 milioi biltzea espero dute. Azken hilabeteotan emandako interes-tasen gorakadan oinarritu du Espainiako Gobernuak zerga berri hori. Izan ere, Europako Banku Zentralak oinarrizko 50 puntuan igo du diruaren prezioa sei urtez negatiboan egon ondoren. Euriborrak ere, bankuen erreferentziazko tasak, nabarmen egin du gora azken hilabeteotan.

 

Energiaren alorreko enpresei dagokienez, zerga berriak  %1,2ko tasarekin zergatuko du sektoreko enpresen fakturazio osoa. Zerga hori 2024aren amaierara arte egongo da indarrean, eta ekitaldi bakoitzean 2.000 milioi euro baino gehiago biltzea aurreikusten dute. Tasak 2022an eta 2023an gasaren eta elektrizitatearen prezioen igoerari esker sektoreko enpresa handiek lortutako aparteko mozkinak zergatzea du helburu.

Ogasun Ministerioak iragarri bezala, zerga berri horiek bezeroei erasaten dizkieten enpresak zigortu egingo dituzte. Horrela, Merkatuen eta Lehiaren Batzordeak zerga berriaren eraginpean dauden enpresen jarduera ikuskatuko du, eta, betearazpen-agindua betetzen ez bada, azken erabiltzaileei erasandako zenbatekoaren %150eko isunak ezarriko dizkiete.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain