Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak iragarri du 4.533 milioi euroko inbertsioa egingo duela 2025era bitarte, martxoan onartutako Ekonomia Suspertzeko eta Eraldatzeko Proiektu Estrategikoaren (ESEPE) barruan. Presidenteak azaldu duenez, proiektuak hiru oinarri izango ditu: espaziala, aeronautikoa eta hezkuntzakoa.
Espazialerako 1.480 milioi euro inguru bideratuko ditu Espainia espazioaren merkataritza-erabileraren Europako mapan kokatu ahal izateko. Ingurumena eta klima kontrolatzeko sistemak eta komunikazio- eta segurtasun-sistemak ere hobetuko ditu.
Aeronautikorako 323 milioi euro jarriko ditu, industria zero isuriko sistemetara bideratzeko. Helburu anitzeko aireontzien eta tripulaziorik gabeko hegazkinen erakusleak garatzeko ere balioko du, baita Europako zeru bakarra deritzonaren aire-trafikoaren kontrolaren modernizazioan aurrera egiteko ere.
Hezkuntzakoan berriz, berrikuntza-ekosistemaren prestakuntzak eta indartzeak 390 milioi euro jasoko dituzte.
Espazioaren Kontseiluaren helburua, Sanchezen arabera, Espainiako Espazio Agentzia sortzeko lanak "azkartzea" izango da, "2023aren hasieran" martxan egon dadin. Momentuz ezagutzen dena da, agentziaren egoitza Madrildik kanpo kokatuko dela eta telekomunikazioaren, garraioaren, segurtasunaren eta defentsaren arloko eskumenak bere gain hartuko dituela.
Sektore aeroespazialak Espainiako ekonomian duen papera ere nabarmendu nahi izan du presidenteak, BPG-ren % 1,2 suposatzeaz gain, zuzeneko zein zeharkako 150 mila enplegutik gora sortzen baititu.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta