Espainiako Gobernuak Estatuko autonomia erkidegoen zorraren zati bat barkatzea erabaki du. Orotara, 83.252 milioi euro hartuko ditu bere kargu Gobernuak, gutxi gorabehera, zorraren laurden bat.
Ordea, duela hilabete batzuk erabakia iragarri zenean, kezka sortu zen Hego Euskal Herrian. Izan ere, neurriak eragin negatiboa izan dezake EAEn eta Nafarroan: EAEko Kontzertu Ekonomikoaren eta Nafarroako Hitzarmen Ekonomikoaren ondorioz, Hego Euskal Herriari ez zaio zorrik kenduko, biek ala biek finantza autonomia dutelako, baina etorkizunean gobernu foralek interes gisa ekarpen handiagoa egitea eragin dezake.
Hala ere, eta neurria iragarri zenean esandakoa errepikatuz, María Jesús Montero Espainiako presidenteorde eta Ogasun ministroak berretsi du erabakia autonomia erkidego guztientzat onuragarria izango dela, eta ez dela “bidegabea” izango lurralde bakar batentzat ere.
Neurriarekin, Espainiako erkidegoek 6.600 eta 6.700 milioi euro artean aurreztuko dituzte interesetan, eta diru hori, besteak beste, osasungintzan edo hezkuntzan erabili ahal izango dute, bankuei ordaintzeko erabili beharrean. Andaluzia eta Katalunia izango dira diru gehien jasoko dutenak, hurrenez hurren, 18.791 eta 104 milioi eurorekin.