Espainiako Gobernuak argindarraren gaineko BEZa %10etik %5era jaitsiko duela iragarri du Pedro Sanchez presidenteak, Diputatuen Kongresuko kontrol saioan. Larunbatean onartuko dute neurria, ezohiko Ministroen Kontseiluan. Ukrainako gerraren ondorio ekonomikoak arintzeko plana ere luzatuko dute larunbateko bilkuran, ekainaren amaieran amaitzen baita berez epea.
Gabriel Rufian ERCko diputatuari erantzunez jakinarazi du presidenteak neurria, eskatu baitio konpainia elektrikoei eta petrolio enpresa handiei zerga berezi bat ezartzeko, orain artekoak ez direla nahikoak iritzita.
Sanchezek, bere aldetik, kexak eta kritikak atzean utzi eta Ukrainako gerrak eragindako krisi ekonomikoari aurre egiteko Ministroen Kontseiluak larunbatean onartuko duen dekretua babesteko eskatu dio, bai ERCri eta baita gainerako talde parlamentarioei ere.
Gaur-gaurkoz, %10ekoa da argindarraren BEZa. Duela urtebete jaitsi zuen Espainiako Gobernuak %21etik %10era eta orain, %5era jaitsiko du, “familia, enpresa eta industria babesteko”.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta