
Espainiako Gobernuak proposatu du diru-sarrera gutxien dituzten autonomoek ordaintzen duten kuota izoztea. Neurria 2026an sartuko litzateke indarrean, kongresuaren onarpena izango balu betiere. Elma Saiz Gizarte Segurantzako ministroak datozen urteetarako autonomoen kuotak igotzea proposatu zuen aurreko astean. Proposamen horrek kritika ugari jaso zituen patronalaren, oposizioaren eta Espainiako Gobernua osatzen duten beste hainbat alderdiren partetik, eta orain gobernuak erabaki du diru gutxien irabazten duten autonomoei kuota ez igotzea.
Gizarte Segurantzaren Ministerioak 2026-2031 aldirako kuotak progresiboki igo nahi ditu. Proposamenaren arabera, 670 euroko diru-sarrerak dituen pertsona batek 217 euroko kuota ordainduko luke datorren urtean (17 euro gehiago), eta 796 eurokoa hilean 6.000 euro baino gehiago dituztenek (206 euro gehiago).
Gainerako kasuetan, igoera gizarte eragileekin eginiko elkarrizketen bidez adostuko dela adierazi du Carlos Cuerpo Espainiako Goberniko ekonomia ministroak, eta autonomoen erakundeei eta sindikatuei "lan egiten uzteko" eskatu die, guztien onurarako izango den akordio bat itxi dezaten: "Elkarrizketa sozialaren esparrua egokia da eskubideak lortzeko bidean modu irmoan aurrera egin dezagun eta modu orekatuan egin dadin", azaldu du.