• EKONOMIA
  • Espainiako Gobernuak hobekuntzak iragarri ditu Hego Euskal Herriko lau aireportuetan

Espainiako Gobernuak hobekuntzak iragarri ditu Hego Euskal Herriko lau aireportuetan

Loiuko aireportuko terminalaren eraikina handituko dute bi aldeetatik. Forondan lurreratze eta aireratzeko pista konponduko dute

Loiuko aireportua | Argazkia: David de Haro / Europa Press
Loiuko aireportua | Argazkia: David de Haro / Europa Press
2025eko irailaren 18a - 15:32

Espainiako Gobernuak iragarri du 12.888 milioi euroko inbertsioa egingo duela estatuko aireportu sarean. 46 aireportuetan, 2027-2031 aldirako, hobekuntzak egin nahi dituztela adierazi du gaur Pedro Sanchezek, bere hitzetan, “ingurumenaren gaitasun, segurtasun, kalitate eta iraunkortasun baldintza guztiak betetzeko”.

 

Hego Euskal Herriko lau aireportuetan (Loiu, Foronda, Hondarribia eta Noain) hainbat aldaketa egingo dira. Turismoak geroz eta indar handiagoa duen gizarte batean, aireportuek eskariaren gorakadara egokitu beharra dute, eta hori dela eta, azken urteetako inbertsiorik handiena egingo da.

Loiuko aireportuaren kasuan, terminalaren eraikina handituko dute bi aldeetatik, baita prozesadore zentrala handitu ere, fakturazioaren eta muga nahiz segurtasun-kontrolen espazioak zabaltzeko, besteak beste.

 

Bien bitartean, Forondan aireportuko pista hobetuko dutela iragarri dute. Era berean, ekipajeak garraiatzeko sistema berria, sistema elektrikoan hobekuntzak eta enbarkazio aretoak berrituko dituzte.

Noaingo aireporturako, aldiz, sei erreforma proposatu dituzte. Lurreratze eta aireratze pista handituko dute, baita aireportuko segurtasun ekipamenduak hobetu ere. Azkenik, aireporturako sarbideak berrituko dituzte.

Hondarribiko aireportuko terminalaren “prozesuak eta kalitatea” hobetzeko inbertsioak aurreikusten dira, zehazki aretoan eta hegaldi-eremuko espazioetan. Ekialdeko eta mendebaldeko plataforma ere birmoldatu egingo dute.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain