Espainiako Ministroen Kontseiluak pentsioen erreforma onartu du

CCOO eta UGT sindikatuen negoziazioen ondotik onartu da dekretua, baina patronalaren babesik gabe

Jose Luis Escriva Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio ministroa | Argazkia: Moncloa Jose Luis Escriva Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio ministroa | Argazkia: Moncloa

Espainiako Ministroen Kontseiluak pentsioen erreforma onartu du, sindikatuekin azken xehetasunak adostu eta gero. Hala iragarri du Jose Luis Escriva Gizarte Segurantzako ministroak prentsaurrekoan. Gutxieneko soldataren igoerarekin eta lan erreformarekin batera, 2023ko lehen hiruhilekoan inoizko enplegu daturik onenak lortuko dituztela adierazi du: “200.000 enplegu berri sortuko ditugu hilabete amaierarako”.

CEOE patronalaren aldeko babesik ez du lortu Gizarte Segurantzako ministroak pentsioen erreforma aurrera ateratzerako momentuan, pentsio sistemaren kostuak orekatu ahal izateko kotizazioak handitzeko erabakia hartu baitu Espainiako Gobernuak. Horrek bereziki soldata handienak jasotzen dituztenei eragingo die. Patronalaren iritziz, enpleguaren sorrera “arriskuan” jartzen ari dira aldaketa horrekin eta ez dio erreformari babesik eman.

Behin Ministroen Kontseiluaren onarpena izanda, Espainiako Gorteek onartu beharko dute legea datozen 30 egunetan.

Pentsioen erreformaren nondik norakoak

Pentsioen erreformaren helburuak, haien iraunkortasuna bermatzea eta Europako Batzordearen eskakizunei erantzutea lirateke, ministroaren arabera. Erreforma berriak, jubilazioa zenbatekoa izango den neurtzeko baremoetan izango luke eragina. Izan ere, oraingo sistemak kotizatutako azken 25 urteak hartzen ditu kontuan, eta berria 29 urtekoa izango litzateke, bi urterik txarrenak baztertzeko aukerarekin. Bi zenbaketak mantendu egingo lirateke, eta langileak bata edo bestea aukeratu beharko luke, gehien komeni zaiona, bere ibilbide profesionalaren arabera. Mekanismo misto hori hurrengo 20 urteetan mantenduko litzateke.

Azken kalkulu hori progresiboki jarriko da indarrean, 2026tik aurrera eta hamabi urtez.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK