Espainiako patronalak eta UGTk oniritzia eman diote hiru urterako adostutako soldata igoerari

CCOO sindikatuarekin lortu duten aurreakordioaren arabera, hiru urtean soldatak %10 igo nahi dituzte: %4 aurten eta %3na 2024ean eta 2025ean

Antonio Garamendi CEOE patronaleko presidentea | Argazkia: CEOE Antonio Garamendi CEOE patronaleko presidentea | Argazkia: CEOE

CEOE Espainiako patronalaren batzordeak eta UGT sindikatuak onartu egin dute ostiralean soldaten igoeraren inguruan adostutako akordioa. Patronalak jakitera eman duenez, enpresaburuek aho batez onartu dute onespena, kritikarik gabe. UGT sindikatuko zuzendaritzaren batzarrak ere aho batez hartu du erabakia, adostutako soldata igoerak sindikatuaren planteamenduekin “bat egiten duelako” eta “KPIari dagokion berrikuspen klausula” bat gehitu delako.

Ituna babestu helburuz, CCOOek bihar egingo du zuzendaritza bilera.

Patronalak eta bi sindikatuek ostiralean adostutakoaren arabera, hiru urtean soldatak %10 igo nahi dituzte: %4 aurten eta %3na 2024ean eta 2025ean. 2026tik aurrera soldatak gutxienez %1 igotzeko bermea ere jasota du aurreakordioak, betiere prezioak aurreikusitakoa baino gehiago igotzen badira aplikatuko litzatekeena. Hau da, 2023ko abenduan urte arteko KPIa %4tik gora igoz gero, hurrengo urteko soldata igoera gehienez ere %1 handiagoa izango litzateke.

LAB sindikatuak, bere aldetik, euskal langileak “ordezkatzen ez dituen akordioa” dela salatu du, eta aurreikusitako soldata igoeretan KPIa bermatzen ez dela gaineratu du.

ELA sindikatuak ere bat egin du LABek esandakoekin, eta soldata igoerak “inflazioaren oso azpitik” daudela argudiatuta, “langileen pobrezia geldiarazteko balio ez” dutela eta, ez dela nahikoa adierazi du.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK