Espainiako Senatuak Etxebizitzaren Lege berriaren onarpenari bidea irekiko dio

Legea aste honetan bertan jarriko litzateke indarrean, zuzenketa gehigarririk onartzen ez bada

Argazkia: EnpresaBIDEA Argazkia: EnpresaBIDEA

Senatuko Osoko Bilkurak asteazken honetan bozkatuko du etxebizitzarako eskubidearen aldeko lege proiektua, eta behin betiko onarpenerako bidea irekiko dio. Litekeena da testuaren azken bozketa izatea, betiere proiektua Kongresura itzultzera behartuko lukeen zuzenketa gehigarririk onartzen ez bada. Kasu horretan, maiatzaren 28ko hauteskundeak baino lehen jasoko luke behin betiko onarpena. Zuzenketak onartuz gero, berriz, atzeratu egingo litzateke prozedura.

Senatuak maiatzaren 18ra arteko epemuga jarri zuen testua izapidetzeko, Kongresuak araua apirilaren 27an aldeko 176 botorekin, abstentzio batekin, eta kontrako 167 botorekin baliozkotu ondoren. Pasaden ostegunean, berriz, Senatuko Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendaren Batzordean eztabaida gainditu zuen legeak bozketa estu batean, aldeko 15 botorekin, abstentzio batekin eta aurkako 14 botorekin.

Ondorioz, ziurrenik testua aurrera aterako da PSOEk, ERCk, EH Bilduk, eta Unidas Podemosek apirilean lortu zuten akordioari esker, nahiz eta azken alderdi horrek ez duen ordezkaritzarik Senatuan. Hala ere, testuari azken orduan zuzenketaren bat ezarriko ote zaionaren zalantza dago, eta horrek testua Kongresura itzultzera behartuko luke. Guztira, 324 zuzenketa aurkeztu dizkiote lege proiektuari.

Azken izapide parlamentarioaren ostean, legealdiko lege handienetako bat desblokeatuko dute. Izan ere, urtebete baino gehiago egon zen geldirik Ministroen Kontseiluan onartu zenetik, besteak beste, PSOEk eta Unidas Podemosek alokairuak arautzeko akordiorik lortu ez zutelako. Apirilaren 14an iragarri zuten legea aurrera ateratzeko akordioa.

Etxebizitza Legearen gakoak

Neurri garrantzitsuenetako bat da alokairuen prezioei muga bat ezarriko zaiela. Hala, 2024an gehienez ere %3 igo ahal izango dira, eta 2025etik aurrera, ezin izango da KPIa baino gehiago garestitu, nahiz eta sistema oraindik zehaztu gabe dagoen.

Bestetik, legearen arabera, autonomia erkidegoek etxebizitza alorrean gune tenkatuak zehaztu ahal izango dituzte. Ondorengo kasuetan izendatu ahalko dituzte eremu horiek: batetik, alokairuagatik ordaindutakoa (prezioa + oinarrizko gastuak) edo etxebizitza maileguaren prezioa familien batez besteko errenta baino %30 handiagoa bada; bestetik, bost urtean etxebizitza erosteko edo alokatzeko prezioa KPIa baino bost puntu baino handiagoa bada. 

Orain arte etxebizitza ugarikotzat hartzeko hamar etxebizitza izan behar ziren, hemendik aurrera bostetik gora izan beharko dira.

Azkenik jabeak ordaindu beharko dio higiezin agentziari eta ez maizterrak, orain arte egin izan den bezala.

Behin Senatuan behin betiko onartuz gero, legea aste honetan bertan sartuko litzateke indarrean. Aitzitik, zuzenketaren bat ezarriz gero, Kongresura itzuli beharko du berriro eta prozedura luzatuko da. 

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK