• EKONOMIA
  • Esportazio zein inportazioek behera egin zuten EAEn 2025ean

Esportazio zein inportazioek behera egin zuten EAEn 2025ean

Jaitsiera %3,6koa izan da esportazioen kasuan, eta %1,6koa inportazioenean

Argazkia: Bilboko Portua
Argazkia: Bilboko Portua
2026eko otsailaren 19a - 10:46

Eustatek kanpo-merkataritzari buruzko 2025 urteko datuak argitaratu ditu, zeintzuen arabera Euskal Autonomia Erkidegoko esportazioek %3,6ko beherakada izan duten 2025ean, aurreko urtearekin alderatuta. Guztira, 29.851,2 milioi euroko balioa izan dute atzerrira saldutako ondasunek. Jaitsiera hori batez ere produktu energetikoen murrizketak eragin du, %33,3 gutxiago esportatu baitira; produktu ez-energetikoek ere behera egin dute, baina neurri txikiagoan, %1,6.

 

Inportazioek ere atzera egin dute urte berean, %1,6 gutxiago 2024arekin alderatuta. Erosketa energetikoak %20,8 murriztu dira; aldiz, produktu ez-energetikoen inportazioak %5,3 hazi dira. Lurraldeka, esportazioak Araban (%3,1) eta Bizkaian (%9,3) jaitsi dira, eta Gipuzkoan, berriz, %2,8ko hazkundea izan dute. Inportazioetan, Araban (%11,0) eta Gipuzkoan (%4,4) igoerak izan dira, baina Bizkaian %8,7ko beherakada erregistratu da.

Helmuga nagusiei dagokienez, Alemaniak (4.443,1 milioi euro), Frantziak (4.363,1 milioi) eta Erresuma Batuak (1.955,4 milioi) jaso dute esportazio gehien. Inportazioetan ere Alemania izan da hornitzaile nagusia, 4.143,7 milioi euroko balioarekin; ondoren kokatu dira Frantzia (2.196,9 milioi) eta Txina (2.001,0 milioi).

 

Produktuen arabera, 2025ean gehien esportatutako ondasuna hamar pertsona baino gutxiagoko turismoak izan dira, urte arteko %11,9ko hazkundearekin. Bigarren postuan ibilgailu automobilen zatiak eta osagarriak izan dira, nahiz eta aurreko urtean baino %15,3 gutxiago esportatu diren. Inportazioetan ere turismo mota hori izan da nagusi.