• EKONOMIA
  • Esportazioak hazi egin dira otsailean EAEn (%2,4), baina txikitu Nafarroan (%6,5)

Esportazioak hazi egin dira otsailean EAEn (%2,4), baina txikitu Nafarroan (%6,5)

2025eko otsailean iaz baino %10,0 gehiago inportatu da EAEn, baina %16,8 gutxiago Nafarroan

Bilboko portua | Argazkia: Europa Press
Bilboko portua | Argazkia: Europa Press
2025eko apirilaren 22a
Eg. 2025eko apirilaren 22a

2025eko otsaileko esportazioen eta inportazioen datuak argitaratu ditu Espainiako ekonomia ministerioak; informazioaren arabera, aurreko urteko otsailaren aldean, esportazioak %2,4 igo dira EAEn, baina %6,5 beheratu Nafarroan. Hala, ia 2.686 milioi euro eskuratu dira esportazioetatik EAEn, eta 916,1 milioi Nafarroan.

 

Inportazioei dagokienez, antzerakoa gertatu da: %10,0 gehitu dira EAEn eta %16,8 gutxitu Nafarroan; hau da, 2.328 milioi euro bideratu dira EAEn eta ia 537 milioi Nafarroan. Gauzak horrela, esportazioen eta inportazioen arteko aldea kontuan izanik, merkataritza saldoa positiboa izan da Hego Euskal Herrian: EAEn 357,4 milioi eurokoa eta Nafarroan 379,3 milioi eurokoa.

Esportazioak eta inportazioak sektoreka banatuta, txostenean Hego Euskal Herriko sektore garrantzitsuenak azpimarratu dira. EAEren kasuan, azpimarragarria da automobilgintzaren sektorean %21,3 handitu direla esportazioak 2024aren aldean, aldi berean, %22,8 txikitu baitira inportazioak. Ekipo ondasunak gailendu dira esportazioetan (998 milioi euro merkaturatu dira). Nafarroan ere automobilgintzaren sektorean jarri behar da azpimarra: txikitu egin dira bai esportazioak (-%19), baita inportazioak ere (-%23,5). Ekipo ondasunen esportazioak %15,4 handitu arren, inportazioak gehiago jaitsi dira, hots, %24,5.