• EKONOMIA
  • 3.555 milioi euroko esportazioak izan dira maiatzean Hego Euskal Herrian

3.555 milioi euroko esportazioak izan dira maiatzean Hego Euskal Herrian

Nafarroan inportazio zein esportazioek behera egin dute; EAEn, aldiz, hazi egin dira

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
2026ko uztailaren 21a - 12:14

Nafarroako salgaien esportazioek 845,9 milioi euroko balioa izan dute maiatzean, iaz baino %2,6 gutxiago. Inportazioak bere horretan mantendu dira, haien balioa %0,5 txikitu baita, 568,1 milioi eurokoa izanik. EAEn, Nafarroan ez bezala, esportazioek zertxobait egin dute gora, %0,8; hala, zenbatekoa 2.709,4 milioi eurokoa izan da. Hala ere, azpimarragarriena inportazioen urte arteko bilakaera izan da: %41,7 igo dira.

 

Urtarriletik maiatzera bitartean, Nafarroan gehien esportatu den partida “10 pertsona baino gutxiagoko autoena” izan da, urtetik urterako %10eko hazkundearekin. Atzetik geratu dira “Ibilgailu automobilen zatiak eta osagarriak” taldeko esportazioak, urte arteko %4,6ko igoerarekin; azken horiek izan dira, aldiz, gehien inportatu direnak, urte arteko %6,8ko hazkundearekin. Bestalde, Nafarroako esportazio gehien jaso dituzten lurraldeak Alemania, Frantzia, Italia, Portugal eta Erresuma Batua izan dira.

EAEri dagokionez, gehien esportatu den partida ere “10 pertsona baino gutxiagoko turismoak” izan da, nahiz eta iaz baino %10,2  gutxiago esportatu den. “Ibilgailu automobilen zatiak eta osagarriak” partidak, kasu honetan ere, bigarren postua eskuratu du, baina %10,5eko beherakada izan du iazko maiatzaren aldean. Inportazio-partidei dagokienez, nagusiena alde handiz “Petrolioaren edo mineral bituminosoaren olio gordinak” izan da, urtebetean %521,8ko gorakada izan ostean. “10 pertsona baino gutxiagoko turismoak” partida ere %101,6 igo da aurreko urtearen aldean. Azkenik, esportazioen helmugan Alemania gailendu da, Frantzia eta Erresuma Batua atzetik dituelarik.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain