Estanflazioa. Kezkatu beharrean al gaude?

Europan inflazio aurreikuspena gorantza doan bitartean, hazkudearena okerrera doa. Munduko eskualdeen artean Europa da estanflazio arriskuari aurre egiteko okerren dagoena.

"Nola aldatzen diren gauzak, kamarada". Pandemiaren zurrunbilo ekonomikoari ezin doinurik egokiena jarri. Koronabirusak dena zipriztindu zuenetik, gurpil zoro batean sartuta izan da munduko ekonomia. Birusari aurre egiteko hartutako neurri zorrotzek ekonomia izoztu zuten. Eskaria bake garaian inoiz ezagututako mailara hondoratu zen. Atzeraldian sartu zen ekonomia, eta aspaldiko partez ahaztutako berba entzuten hasi ginen: deflazioa. 2022ko apirilean Espainiako inflazioa -% 0,7ra jaitsi zen. 2021era arte inflazioa ez zen tasa positiboetan sartuko. Beste estatu batzuek ere datu txarrak zituzten.

Christine Lagarde Europako Banku Zentraleko presidenteak, baina, lasaitasunerako deia egin zuen. Ekonomia pizteko eta prezioen gorakada eragiteko moneta politika aktibatu zuen. Pandemiarako ezohiko pizgarrien programa abiatu zuen. Ez zen lehen aldia Europa deflazioaren beldurrak jota zebilela. 2009an euroguneko inflazioa negatiboa izan zen, baita 2015ean ere. Energiaren prezio baxuek eragin zuten 2015eko deflazioa.

Gauzak zeharo aldatu dira azken hilabeteotan. Energiak inflazioaren sorburu izaten jarraitzen du. Kasu honetan, aldiz, kontrako zentzuan eragiten du. Energia da euroguneko inflazioaren eragile nagusia. Apirilean % 7,5era heldu da. Azpiko inflazioa, energia eta elikagai freskoen prezioak kenduta, % 4ra igo da. Energiaren garestitzeak azaltzen du, hortaz, inflazio orokorraren hazkundea. Azpiko inflazioa ere igo da, eta horrek energiaren gorakadak gainontzeko prozesu ekonomikoei eragin diela esan nahi du. Europako Batasuneko estatu guztiei eragin die inflazioak. Hala ere, badira aldeak. Bost estatutan inflazioak % 10eko langa gainditu du: Estonia (% 19), Lituania (% 16,6), Letonia (% 13,2), Herbehereak (% 11,2) eta Eslovakia (10,9%). Beste askotan langa horren azpitik daude, baina ez oso urrun. Frantzia da inflazio baxuena duen estatuetako bat, burujabetasun energetikoa lortu duelako nuklearrari esker.

Inflazioak gora egiten duen bitartean hazkundeak kontrako norabidea hartu duela dirudi. Prezio altuek ekonomiaren hazkundea moteldu dute.

Inflazioak gora egiten duen bitartean hazkundeak kontrako norabidea hartu duela dirudi. Prezio altuek ekonomiaren hazkundea moteldu dute. Eurogunea lehen hiruhilekoan % 0,2 baino ez da hazi (% 0,4 Europako Batasunean). Datua herrialdeka aztertuz gero badira alde nabariak. Alemaniak, Europako lehen ekonomiak, atzeraldi teknikoari muzin egitea lortu du. 2021eko azken hiruhilekoan bere Barne Produktu Gordina (BPG) % 0,3 erori bazen ere, 2022an % 0,2 handitu da. Espainia ere hazi da (% 0,3), baina Frantziak ez du hazkunderik izan (% 0) eta Italiak atzera egin du (- % 0,2). 

Herrialde gehienak aurreikuspen ekonomikoak berrikusi dituzte. Espainiak, adibidez, % 7tik % 4,3ra murriztu du hazkunde aurreikuspena joan den astean. Ikusteko dago eutsi ahal izango dion. 

Estanflazioa

Estanflazio (stagflation) hitza Ian MacLeodek, Erresuma Batuko finantza ministroak, asmatu zuen 1965ean, geldialdi eta inflazio berben konbinazio gisa. Ezin hobea da Europak bizi duen egungo egoera ekonomikoa definitzeko. Bi hitz horien konbinazioa euren batuketa bera baino arriskutsuagoa da. Inflazioaren aldetik ikusita, behar handien dutenak dira kaltetuenak, errenta baxuena dutenak. Argindarra eta elikagaiak dira edozein familiaren gasturik garrantzitsuenak. Horren inflazio tasa altuak haien erosteko ahalmena murriztuko du nabarmen.

Inflazioak badu, gainera, kezkatzeko beste motibo bat. Azken bost urteetako gutixenekoan dago euroa dolarrarekiko. Ameriketako Estatu Batuetan interes tasak igotzeak ekarri du dolarraren garestitzea. Horrek Europako esportazioei mesede egiten die, merkeago salduz; inportazioei, ordea, kalte egiten die. Garestiago inportatzen du Europak, eta energia kontratu gehienak dolarretan egiten dira. Energiaren prezioaren gorakadarako beste motibo bat, hortaz.

Moteltzearen ikuspegitik ondorioak ere ez dira onak. Jarduera ekonomikoaren geldotzea dakar eta, hortaz, lanpostuen galera. Espainiak 2021ean pandemia aurreko enplegu mailara bueltatzea lortu du. BPGri dagokionez, oraindik ez du pandemia aurreko tasa berreskuratu. Ekuazioa erraza da: enplegu maila berarekin hazkunde gutxiago. Produktibitatearen galera, hortaz. Eta jarduera ekonomikoa murriztean suntsitzen diren lanpostuak produktibitate baxuena dutenak dira, ikasketa-maila baxukoak. Zigor bikoitza.

Aste honetan Nouriel Roubini ekonomialariak estanflazioaren arriskuaz idatzi du Project Syndicate aldizkari ekonomikoan. Roubini New Yorkeko Unibertsitateko Stern School of Businesseko ekonomia irakaslea da. 2008ko finantza krisia aurreikusi zuen, eta egun erreferentziazko ahotsa da finantzen munduan. Projet Syndicateko artikuluan, Roubinik inflazioaren gorakadaren arrazoiak aztertzen ditu. Alde batetik, epe laburrekoak (hornidura kateen arazoak Ukrainako gerra, erdieroaleen eskasia...). Bestetik, kezkatzekoak diren epe luzeko faktoreak.

Ekuazioa erraza da: enplegu maila berarekin hazkunde gutxiago. Produktibitatearen galera, hortaz.

Egungo globalizazio ereduaren bukaera aurreikusi du Roubinik. Harreman komertzialak elkarrekiko konfiantza landu duten herrialdeen artekoak izango dira. Produkzio kateak ere hurbilduko dituzte, pandemian pairatutako hornidura arazoei aurre egiteko. Honek prezioen garestitzea ekarriko du. Dagoeneko gasarekin ikusten ari gara. Errusiarekiko menpekotasuna murriztu nahi du Europak. Orain arte Errusia izan da Europako Batasuneko energia hornitzaile nagusia: gasaren % 40 eta petrolioaren laurdena bertatik ekarri izan da. Europak hornidura bermatzeko premia dauka, eta edozein preziotan egingo du. AEBtik datozen itsasontzien trafikoa asko handitu da, eta horrek prezioak igoaraziko ditu.

Populazioaren zahartzea ere inflazioarekin lotu du Roubinik. Piramide demografikoa ikusita langile gazteen falta agerikoa da. Horrek soldatak igotzea ekarriko du eta, hortaz, prezioen garestitzea. Larrialdi klimatikoaren kontrako politikek ere prezioen hazkundea ekarriko duela uste du New Yorkeko Unibertsitateko irakasleak. Zergatze sistema berdea ezartzen hasi dira herrialde asko. Prezioetan ere sumatu da. Horren adibide izan ziren Frantziako "txaleko horien" protestak.

Argi dago estanflazio arriskua badagoela. Gakoa da nori eragingo dion. Mundu globalizatu honetan, eskualde guztiek pairatuko al dute neurri berean? Erantzuna ez da erraza, baina energiarekiko menpekotasuna gakoa da, eta Europak menpekotasun handia dauka.

Inflazioak errenta baxuei egiten die kalte gehien. Txiroen zerga ere deitu izan zaio.

Pandemiaren osteko susperraldiaren erritmoa ere gakoa da. 2020ko mundu osoko BPGa hondoratu eta gero, soilik Europa izan da pandemia aurreko mailara bueltatzea lortu ez duen ekonomia nagusi bakarra. AEBk eta Txinak 2021ean bideratu zuten haien ekonomia. Europak ez.

Moneta politikak ere, zeharka bada ere, eragina izan du. AEBak politika hedakorrekin bukatu eta interes-tasak igotzea erabaki zuenean, Europak pizgarrien politikei eutsi zien. Ez zen ausartu gorakdarik ezartzen interes-tasen igoerak hazkundea kaltetuko zuelakoan.

Baina gako nagusia menpekotasun energetikoa da. AEBak energia esportatzaile garbia  dira, eta Txinak Errusiarekiko lotura sendoa du. Europak, ordea, inportatu egin behar du. Europako estatuek energiaren prezioak merkatzeko neurriak ezarri dituzte. Inflazioa menderatzeko estrategia nagusia da. Zergak murriztu dizkiote petrolio eta gasari. Espainiak eta Portugalek "salbuespen iberiarra" negoziatzea lortu dute. Horrek prezioak lausotzea ekarriko du.

Europak badu, gainera, beste erronka bat: Interes tasen igoera. Europako Banku Zentralak du moneta politikaren ardura. Oreka topatu behar du, eta hori ez batere erraza. Interes tasen gehiegizko igoerak ekonomia are gehiago moteldu dezak,e eta estatuen finantzak kaltetu. EBZk orain arteko diskurtso leuna gogortu du. Uztailatik aurrera etor litezke interes-tasen igoerak.

Aurrekotan ez bezala, oraingoan badirudi estanflazioa gelditzeko etorri dela. Europak bere esku dagoen guztia egingo du. Ez du erraza izango. Europako herrialdeen artean alde ekonomiko nabariak daude, eta horrek erabakiak hartzea zaildu dezake. Europatik harago, badira kontrolaezinak diren mugimendu geopolitikoak. Munduko jokalekua aldatzen ari da, eta Europari bere menpekotasun energetikoak ez dio laguntzen. 

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK