Etorkizun hobeen kartografiaz

Munduko Ekonomia Foroak helburu sozial argiak dituzten lanpostuetan inbertsioak egiteko deia luzatu du

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Munduko Ekonomia Foroak enpleguaren etorkizunaz egindako ikerketa ez da udako garai lasai hauetarako irakurketarik gomendagarriena, jakitun gara. Tartetxo bat eskaintzen badiguzu, ordea, baliteke aurreikuspen goibelak apur bat argitzeko bidea aurkitzea.

WEFen kalkuluen arabera, datozen bost urtetan 85 milioi lanpostu inguru desager daitezke aurrerabide teknologikoak ekarri duen automatizazioaren ondorioz. Begirada apur bat gehiago altxatuta, ekonomia eta gizartearen arteko giltzadurak zeharo gogortu zaizkigula ikusten dugu. COVID-19aren krisia erreferentzia hartuta, pobrezian bizi diren pertsonen populazioa 131 milioi handitu da munduan, eta 54 milioi pertsona jaitsi dira klase ertaina deitzen dugun bagoitik. Ez da giro.

Munduko lanaren merkatuan berebiziko erretenak sortu dira: langabeziak gora egin du biztanleria aktiboa mehetu den bitartean, eta soldata errealak izoztu egin dira orokorrean, baita bete gabeko lanpostu asko dituzten ekonomia aurreratuetan ere. 2022an mundu osoan lan egindako orduen kopurua pandemiaren aurrekoa baino ia % 2 txikiagoa da, eta horrek lanaldi osoko 52 milioi lanpostuko defizita eragin du. Adituek diote zaila edo ia ezinezkoa izango dela lehengo egoerara itzultzea, bizitza aktiboa utzi dutenetako askoren lan-aukera eta lan-baldintza berriak ez baitira erraz azalduko.

2022an mundu osoan lan egindako orduen kopurua pandemiaren aurrekoa baino ia % 2 txikiagoa da, eta horrek lanaldi osoko 52 milioi lanpostuko defizita eragin du. Adituek diote zaila edo ia ezinezkoa izango dela lehengo egoerara itzultzea

Enplegu sozialak, gako?

Politika publikoak krisiaren kudeaketa eta epe luzeagorako susperraldiaren lehentasunak nola edo hala orekatzen saiatzen ari dira eta ahalegin horretan, horren panorama goibela eman digun WEF erakundeak berak argi-izpitxoak erakusten dizkigu. “Biharko lanpostuak: enplegu sozialen errendimendu hirukoitza susperraldi ekonomikoan” izeneko txostena argitaratu du, eta bertan gizarte-mugikortasunaren motorra berriro martxan jar dezaketen funtsezko hiru esparruetan inbertsioak egitera dei egiten ditu munduko ekonomiak. Hezkuntzan, osasun-zerbitzuetan eta zaintzaren esparruan datza gakoa, WEFen iritziz.

Gizarte modura gizartean bertan inbertitzea aldarrikatzen du ikerketa honek. Helburu sozialak dituzten lanpostuek erresilientzia sortzen dute, eta mugikortasun soziala areagotzen dute, hots, zaurgarritasunak berekin dakarren jatorrizko aukera-falta emendatzeko aukerak sortzen dituzte. Lanpostu zuzenak sortzen dituzte epe labur eta ertainean, egonkortzeko aukera dutenak, gainera, eta horrez gain, giza-kapitala garatzeko ziklo birtuosoa bizkortu egiten dute. Voilá.

Helburu sozialak dituzten lanpostuek erresilientzia sortzen dute, eta mugikortasun soziala areagotzen dute, hots, zaurgarritasunak berekin dakarren jatorrizko aukera-falta emendatzeko aukerak sortzen dituzte

Eraldaketa digitala beste konturik aipatzen ez den garai honetan, batzuek atzera buelta gisa ikusi dute ikerketa honek agerira ekarri duen proposamena, baina txostenak berak argi esaten du ez dela horrela. Helburu sozial argiak dituzten esparruetan inbertitzeak ez du esan nahi lanpostu teknologikoen aldeko inbertsioari uko egin behar zaionik, ezta gutxiagorik ere. Funtsean, kostu–emaitza araua aplikatuz, gizarte-inpaktu zuzena duten lanpostuen sorreran ahalegin gehigarria egitearen garrantziaz ohartzen du. Izan ere, gero eta zalantzagarriagoa zaigun munduko ekonomian, non ziurgabetasuna eta dibergentziak handituz doazen etengabe, etorkizunerako etekinik handiena sortzeko gaitasuna duten inbertsioek lehentasuna izan beharko luketela defendatzen du.

Utopia? Txostenaren egileek ezetz diote. Gizarte-inpaktu zuzena duten hiru esparru horiek ekonomian eta gizartean eragingo luketen onura neurtzeko, Ameriketako Estatu Batuetako gizarte-egitura eta parametroak erabili dituzte. Modelizazio horretan ondorioztatu dute enplegu sozialetako inbertsioko dolar bakoitzak hasierako inbertsioa baino 2,3 aldiz eragin biderkatzailea izango lukeela. Kasurako, 1,3 bilioi dolarreko inbertsioa eginez gero, 10 milioi lanpostu gehiago sortuko lirateke hiru sektore horietan, gehi milioi bat inguru gehiago zeharkako beste sektore batzuetan. 11 milioi lanpostu gehiago 2030era bitartean, irakaskuntzan (4,2), pertsonen zaintzan (1,8) eta osasun-zerbitzuetan (0,9). Susperraldia ez litzateke adierazle horietara mugatuko, munta horretako inbertsio batek produktibitate-igoera orokorra ere ekarriko lukeelako, BPGari gorantz eragingo lioke eta lan-merkatua sendotzeko urrats erabakigarria izan liteke.

Posible da?

Bai, irakurle: simulazio bat da. Etorkizun jasangarriago eta bidezkoago baterako inbertsioaren balizko dibidenduak ikertzea, baina, garrantzitsua da susperraldiaren kartografian maiz esploratu gabe geratzen diren aukerak azalera ekartzeko, mapa horretan begien bistakoak ez diren ozeano urdinak ikusten hasteko. Ekonomiaren sektore zabalagoak kuantifikatzen ahalegintzea arestian aipaturiko patu beltza derrigor ez onartzeko lehen urratsa izan daiteke, inbertsioen onura ekonomiko eta sozialak ulertzeko eta, amesten jarraituta, ekonomia berrian enpleguarekin lotutako inbertsioen onura ekonomiko eta sozialak ulertu nahi dituzten arduradun politikoentzako eta enpresaburuentzako aukera berriak jorratzeko.

Layla Martinez idazlearen Utopia ez da uharte bat (Utopía no es una isla, Episkaia 2020) entsegu labur baina mamitsua buruan bueltaka dabilkit egun hauetan. Adituen ahotan ez da iragarpen beltza ez den besterik aditzen, ekaitza, beste behin ere, perfektua izango delakoan. 32 urte dituen gure ilobarekin hizketan, gogoratu dit hiru krisi kateatu dituela bere bizitza profesional laburrean. Oraingo lanpostuarekin gustura dago, baina hura behin betiko lanpostua izango dela uste ote duen galdetu diodanean, barre txikiak ihes egin dio. Noranahi begiratzen dugula, ziurgabetasuna, amaiezina dirudien krisien katea eta etorkizunik eza iragartzen duten Apokalipsiaren zaldunen tronpeta hotsarekin egiten dugu topo. Eskerrak Utopiari. Izan ere, liburuxka horretan etorkizun hobe posibleen kartografia egiten du Martinezek, gurea bezain ilunak ziren garaietan guk baino irudimen bizkorragoa izan zuten hainbat pentsalarik amestu zituzten utopien katalogoa eskaintzeko. Zerbait hobea amesteko gauza ez bagara, akabo. Modernitatean ez bezala, ez dugu uste etorkizuna nahitaez hobea izango denik. Beldurra eta antsietatea eragiten digun zerbait bihurtu da etorkizuna, eta txarretik okerrera joatearen arriskuez ohartarazten diguten iragarpenek hartu dute plaza publikoa: etorkizun okerragoak irudikatzeak etorkizun hobean pentsatzeko gaitasuna kendu digu.

Saiatzeak merezi duela uste dugu; Carl Sagan dibulgatzaileak esan zuenez, munduaren amaiera iragartzen duten teoriak, kasurik onenean, behin bakarrik egiaztatu ahal izango ditugu, eta hortaz, merezi du aukera bat eskaintzeak mundua hobetu dezaketen ikuspegiei, ezkortasunaren eta errealitatearen gordinkeriaren kontra bada ere.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK