Etxalde eta laborantzaren segida, datozen hamarkadetako erronka

Azken 30 urteetan 2.500 baserritik gora galdu dira Euskal Herrian, eta iaz 4.500 besterik ez zituen zenbatu Iparraldean Euskal Herriko Laborantza Ganbarak

Argazkia: Iurre Bidegain Argazkia: Iurre Bidegain

“Ardiak lerro-lerro mendi maldan doatzi, haize firfira batek deituz gorago beti. Ibai zola erreketan denak lotan sartzen dira”, idatzi zuen Manex Pagola Landibartarrak (Nafarroa Beherea). Agian XX. mende erditsu hartan ikusten zuenaren argazki berbala-edo isla zitekeen, baina geroz eta gehiago “oroituko naiz beti Arradoiko bazterrez” hori besterik ez da; lausotuz doan oroitzapena edo denboraren joanak horitu eta saretu duen argazkia.

Mende erdi inguru geroago, kamera hartu eta Arradoira bertara edo Garazi eskualdeko beste edozein mendira igoko bagina, guztiz bestelako irudia ikusiko genuke: Nafarroa Beherean, Lapurdin eta Zuberoan dauden etxaldeen herenak ez du iraupena edo segida bermatua; 2021ean EHLG Euskal Herriko Laborantza Ganbarak zenbatu zituen 4.500 baserrietatik 1.500etan 50 urtetik gora dituzte laborariek, hau da, erretiroa hartzetik oso gertu daude.

Iaz iritsi zitzaion bere txanda Ttele Leizagoyen amendauztarrari (Nafarroa Beherea). Bizi guztia egin du laborantzan, azken bi hamarkadak erabat artzaintzan eta gaztagintzan. Bere hautuz eta bokazioz hautatu zuen bere ogibidea, eta bere seme-alabak ere hautatzeko aukera emanez hezi zituela dio. Azken horiek, ordea, ez zituzten gurasoen oinatzak jarraitu: “edozein ofizio ez duzu gogoz kontra egin behar eta laborantza are gutxiago”, dio.

Belaunaldi berrien beharra

Kattin Chillibolosten gurasoak ere laboriak ziren. Umetatik ikusi ditu gazta egin eta ardiak jezten, baina “etxaldetik urruntzeko premia sentitu nuen, hortik irtetekoa. Urrundu nintzen mundua ikusteko, baina iritsi zen momentu bat non ardurak hartu behar ziren”.

Uhartehiritarrak (Nafarroa Beherea) soziologia ikasi zuen, eta hainbat urtez Mediabask kazetan ere aritu zen berriemaile. Hala eta guztiz ere, apurka hedatuz eta indartuz joan zen beti oso presente izan zuen sortetxearen itzala: “Zer egin behar da etxaldearekin, saldu? Utzi? Auzoan lurrak partekatu? Erabaki nuen lana utzi eta laborantzara hurbiltzen hastea etxaldearekin zer egin nezakeen ikusteko”, azaldu du.

Argazkia: Iurre Bidegain

Kattin Chillibolost eta Ttele Leizagoyen | Argazkia: Iurre Bidegain

Urtebteko formakuntza hasi zuen orduan Izuran (Nafarroa Beherea). Alderdi teorikoaz gain, inguruko abeltzain edo baserritarrekin esparru praktikoa lantzen dute ikastaroan. Azken hori Amenduzeko bi etxaldetan egin zuen, bata Arnaud Tikoiperenean, eta bigarrena Leizagoyenekin. “Galdetu zidanean formakuntza hemen egitea, nire buru gibelean pasa zen: oso untsa huke Kattinek nire ardiak hartuko balitu”, aitortu du Amenduztarrak.

Erretiroa hartu aurreko kanpainan iritsi zen Kattaline bere etxaldera. Biologikoan eta eskuz egiten zuen bertan lan ,eta ikasle gazteari asko gustatu zitzaion eginmolde hori. Baina neguan elkarrekin jardun ostean, martxoan ardiak saltzeko unea iritsi zitzaion. “Momentu batean Ttelerekin hitz egitera etortzen ziren balizko erosleez jeloskor sentitzen hasi nintzen”. Jelosia asumitu eta arre edo so egiteko momentua iritsi zenean, artaldea hartu eta bere etxaldera eraman nahi zuela aitortu zion Leizagoyeni: “ametsa egi bihurtu zen”.

Ttele Leizagoyen: “Galdetu zidanean formakuntza hemen egitea, nire buru gibelean pasa zen: oso untsa huke Kattinek nire ardiak hartuko balitu”

2021ko Aazaroan ekin zion abenturari 30 urteko gazteak gurasoen etxaldean. “Helburua zen nire etxaldeari bizi berri bat ematea, eta bizi berri horretan nik ere nire tokia izatea, nire izaera eta nire ideiekin bat egitea horrek guztiak. Pentsatzen dut denbora hartuko duela, ez dela egingo gaurtik biharrera. Hor lehen sasoia pasatu dut eta kontet naiz”, dio irribarretsu.

Esku gazteak eta jakintza zaharren erronka

2021ean 21 proiektu abiatu ziren familiaz kanpoko transmisiorako laguntzekin Ipar Euskal Herrian. Kattinek argi du lehen sektorea ogibide soila baino askoz gehiago dela, baduela funtzio eta ardura soziala, eta horregatik gizarte guztiaren inplikazioa behar duela: “nahi badugu paisaia eta ingurumena babestu, bada lana egiteko. Egia da ez dela erreza. Lurra garestia da, esfortzu handia eskatzen du, eta horrek elkarteen eta erakunde publikoen lana eskatzen du, pertsona batek bere kabuz ezin diolako horri aurre egin”.

Uhartehiriko gazteak urtebeteko formakuntzaren ostean hasi du bere bidea, biologikoan, eta eskuz lan eginez. Momentuz gaztagintzan eta zuzenean Axuriak saltzen dihardu Donapaleuko (Nafarroa Beherean) ostiraletako azokan. Zalantzan diren gazteei pausoa emateko dei egiten die, beharra eta lekua denentzat baitago. Hala ere, ongi joan dadin kontuz ibili behar dela ere ohartarazten du, eta egungo garai ekonomiko eta klimatikoan momentuz bera ongi badgo ere, “ni etxalde txiki batean nago, eskala humanoan, artalde txikiarekin, baina izan banu beste eredu bat, artalde handi bat, esne gehiago produzitu beharrarekin, inbertsio handiagoekin, nik uste dut asko sufrituko nuela”.

Kattin Chilibolost: “Nahi badugu paisaia eta ingurumena babestu, bada lana egiteko. Egia da ez dela erreza. Lurra garestia da, esfortzu handia eskatzen du, eta horrek elkarteen eta erakunde publikoen lana eskatzen du"

Horrez gain, jakin badaki borondate hutsa ez dela aski, eta Tteleren figura transmisio horretan funtsezkoa izan da: “Urrea da. Ttelek artaldea eta jakintza anitz transmititu dit eta oraindik ere, noiz nahi deitzen dut laguntza anitz behar baitut. Urte bateko formakuntzarekin ez dakizu ezer. Ezin da instalatu normalki horren azkar. Bere [Ttele] eta amaren laguntzarik gabe ez nintzen hemen izango. Jakintza hori lortzeko urte asko behar dira biologikoan lanean, eta jakintza hori ez da liburuetan eta formakuntzetan eskuratzen. Prozesu luzea da eta egunero egokitzea eskatzen du, eta hori nik, momentuz, ezin dut bakarrik egin. Horretarako Ttele hor da izatea altxor hutsa da”.

Esku berriek jakintza zaharra behar dute ingurumena zaintzen jarraitzeko, ez soilik berriz ere kanta eta poesiak inspiratzeko, kalitatezko jakiak sortu eta lantzea gizarte osasuntsu baten bizkar hezurra baita.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK