Etxaldeetatik karriketara

Duela hilabete hasi ziren laborantzari loturiko protestak Euskal Herrian, Iparraldeko laborariek A63 autobidea moztu zutenean. Aldarrikapen eta iragarpen artean, asegabe segitzen dute oro har

Bardoze (Lapurdi) | Argazkia: Aitor Sagarzazu Bardoze (Lapurdi) | Argazkia: Aitor Sagarzazu

Ohartarazpenak eginak zituzten. Euskal Herriko Laborarien Batasunak, adibidez, urrian egin zuen lehen ekintza Baionan, Europako Nekazaritza Politika Bateratuko (NPB) laguntzak apalduko zirelako. FDSEA eta Laborari Gazteak sindikatuak ere kexu ziren ordurako: gobernu frantsesaren konpromiso falta salatu, eta hainbat herritako afixak itzulikatu egin zituzten, hankaz goiti zebiltzalako. Baina jaramonik egiten ez zietela sentitzen zutenez, presioa handitzea erabaki zuten Ipar Euskal Herriko laborariek.

Urtarrilaren 23an heldu zen lehen ekintza ikusgarria: A63 autobidea blokeatzea, bi noranzkoetan, Baiona parean. Astebetez luzatu zuten blokeoa, Europako garraioaren ardatz nagusietako bat oztopatu nahian. Baionako porturako sarbidea ere moztu zuten, baita Maisica arto-esportatzaileen biltegiarena ere, merkatu librearen irudi. Ondotik etorri ziren Leclerc eta Carrefour saltegi handietan eginiko ekintzak, prezioekin duten ardura har zezaten. Eta denaren oinarrian, aldarrikapen nagusi bat: laborantza bizimodu duin bilakatzea.

“Egun etxaldeek ganibet bat dute eztarrian: gure lanbideaz bizi ahal izateko borrokan ari gara. Lansari duin bat eskatzen dugu, eta zorrek ez gaitzatela ito. Bizia eta kostuak kariotu diren honetan, gure salmenta prezioak geldirik dira, eta horrek gure hondoratzea dakar”. Jean-Luc Jauryk Akitaniako blonda arrazako behiak hazten ditu Urdiñarben (Zuberoa), eta sektoreko kideak mespretxatuak sentitzen direla dio, haien lana ez delako nahikoa aitortzen.

Jean-Luc Jaury: “Egun etxaldeek ganibet bat dute eztarrian: gure lanbideaz bizi ahal izateko borrokan ari gara. Lansari duin bat eskatzen dugu, eta zorrek ez gaitzatela ito"

Laura Irigaray ere ados da. Behi-esnedunak eta mahastiak ditu Azkaraten (Nafarroa Beherea), eta mobilizazioa ardatz kolektibo batean kokatzen du. “Laborarien momentua izan da, muturreko egoera bat salatzeko. Bakoitzak bizi dituen egoerak azaleratu dira, denak partekatzen ditugunak, eta hala girotu da protesta”. Lasaitu ez den protesta bat da, bere hitzetan, Frantziako gobernuak ez baitu deus proposatu laborarien jornalak hobetzeko, “anekdota diren aterabide faltsu batzuk bakarrik”.

Erdibideko aterabideak

Gabriel Attal lehen ministroak iragarri zituen estreinako neurriak izan ziren, besteak beste, gasoilaren zerga ez emendatzea eta pestizidak erabiltzeko baimena. Irigarayren ustez, horiek ez dute hemengo laborantza sobera hunkitzen. “Gasoilarena, adibidez, ez da aitzinatze bat, da ez-gibelatze bat: ez da garestitu, baina ez gara horregatik hobeki bizi”. Pestiziden erabilera, berriz, arazotzat ikusten du ekologiarentzat eta jendearen ongizatearentzat.

Bardoze 1
Bardozeko (Lapurdi) baserri bat | Argazkia: Aitor Sagarzazu

Iritzi berekoa da Peio Iriquin. Itsasun (Lapurdi) du berak ardi-hazkuntza, ondoan biper-ekoizleak dituela. Orain arteko politika monolaborantzara soilik bideratu dela uste du. “Ikusten dugu pestizidak eremu handiak dituzten laborari handientzat direla. Ez dugu onargarri atzematen; hemen kalitatezkoa ekoizten dugu. Nahi dugu hemengo laborantza defendatua izan dadin, eta uste dut gure eredua ez dela entzuna Parisen edo Bruselan”. Ulertezin egiten zaio neurria hartu izana Europak trantsizio ekologikoa aipagai nagusi duenean, Nekazaritza Politika Bateratua finkatzeko tenorean.

Administrazioarekin tirabirak

Hain justu, NPBri loturiko laguntzek gaiztotu dute giroa azken asteetan Pirinio Atlantikoetako prefeturarekin. Sindikatuek salatzen dute sekula baino berantago heltzen ari zaiela dirua laborariei, eta protesta moduan, Angeluko Lurralde Zuzendaritza okupatu dute berriki. Bertan zen Irigaray, inguruko etxaldeetan bizi dutenaren jakitun. “Batzuek ez dute oraindik parte handi bat errezibitu, bereziki Garazi-Baigorriko mendiak baliatzen dituzten etxaldeek. Gehienak txikiak dira, 500 bat gure ibarrean”. 15 mila euro zor dizkie batez beste Estatuak, eta dirua aitzinatzeko bankuetara jo behar dute anitzek. “Ez dira goxoki, laborarien kaltetara da. Anitz arrangura bada”.

Laura Irigaray: “Batzuek ez dute oraindik parte handi bat errezibitu, bereziki Garazi-Baigorriko mendiak baliatzen dituzten etxaldeek"

Zuberoan ere izan dute goitibeherarik, kasu honetan, Mauleko hiltegiarekin. Prefeturako albaitaritza-zerbitzuen presioak eta baldintza gogorrak medio, hiltegiko Administrazio Kontseilu osoak dimisioa ematea erabaki zuen joan den hilean. Bertako kide izan da orain arte Jaury: “Marexalak tematu egin dira hiltegiarekin eta komunikazioa ezinezkoa bilakatu da. Etsipenez eman du dimisioa Kontseilu guztiak”. Elkarretaratzea egin zuten hainbat laborarik sostengua adierazteko eta lurraldearentzat lan-tresna garrantzitsua dela aldarrikatzeko. “Bestenaz bertako laborariek animaliak urrutira garraiatzen hasi beharko genuke, berriz ere honat ekartzeko”.

Sinplifikazioaren hilabetea

Egunotan, dena dela, sindikatuak prefetarekin bilkurak egiten ari dira, egoera aztertu eta hurrengo urratsak finkatzeko. Lehena “sinplifikazioaren hilabetea” delakoa da: prozesu eta karga administratiboak ahalik eta gehien arintzea. Jauryren aburuz, hori ez da aldatuko. “Frantziak gero eta haboro kontrolatzen du. Argi da pisu dela eta gure lanetik aldentzen gaituela, baina egia da gardentasuna ekartzen diola gure jardunari. Gardentasun hori eskertzeko, ordea, gure mozkinei duten balioa eman beharko liekete”.

Peio Iriquin: “Espero dut segituko dugula: orain beste erresumetan ere abiatu dira blokeoak, espero dut denen artean lortuko dugula gure hitza entzunaraztea, eta ukatea zinez galdegiten ditugunak"

FDSEA eta Laborari Gazteak sindikatuek bertan behera utzi dituzte mobilizazioak momentuz, negoziazio garaia dela iritzita; ez hala, Laborarien Batasunak. Irigaray: “Mugimendua apaldu da zaila delako luzaroan atxikitzea: ez da erraza laborarientzat karrikara joatea”. Iriquinek, aldiz, argi du. “Espero dut segituko dugula: orain beste erresumetan ere abiatu dira blokeoak, espero dut denen artean lortuko dugula gure hitza entzunaraztea, eta ukatea zinez galdegiten ditugunak. Uste dut garaia dela laborariek haien geroa eskutan har dezaten”.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK