• EKONOMIA
  • Etxe turistikoen kopurua apaldu da Lapurdiko kostaldean

Etxe turistikoen kopurua apaldu da Lapurdiko kostaldean

Konpentsazio neurriak %10 gutxitu ditu alokairu laburreko etxebizitzak Lapurdiko kostaldean. Euskal Hirigune Elkargoak 2023ko martxotik indarrean den araudiaren balorazioa egin du

Azkaine bezalako herrietan pisu turistikoen kopurua apaldu da konpentsazio neurria indarrean denetik | Argazkia: utzitakoa
Azkaine bezalako herrietan pisu turistikoen kopurua apaldu da konpentsazio neurria indarrean denetik | Argazkia: utzitakoa
VpZtp uM 400x400
Kazetaria
2026ko azaroaren 26a - 10:26

2023ko martxotik indarrean dagoen konpentsazio neurria eraginkorra da Euskal Hirigune Elkargoaren ustez. Araudi berri hau dela eta, alokairu laburrak proposatzen dituzten jabeek gisa bereko alokairuak proposatu behar dituzte urte osoan Lapurdiko kostaldeko 24 herritan, Baionatik Hendaiaraino Azkainen barrena. Hiru urtez zazpi jabek baizik ez dute lortu "konpentsatzea". 

 

"2016an zortzi mila etxebizitza turistiko ziren eta lau urte geroago 17.000. Lapurdiko kostaldeko herritar anitzek ihes egin behar izan dute maiz, Ipar Euskal Herriko barnealdera edo beste lurraldeetara. Neurri berriari esker 1.700 egoitza atera dira alokairu laburren zurrunbilo horretatik, hau da %10" azpimarratu du Nicole Etxamendik. Itsasuarra etxebizitza denentzat sailaren arduradun nagusia da Ipar Euskal Herriko 158 herriak biltzen dituen Euskal Hirigune Elkargoan. Etxebizitza turistikoen kopurua ez dela gehiago emendatzen gelditu gabe, eta doi bat apaldu dela ere begi onez ikusten dute Ipar Euskal Herriko mankomunitatean. Dena den, ez da argi alokairu laburren merkatutik atera diren bizitegi horiekin zer gertatu den zehatz. Izan ere, inork ezin du segurtatu urte osoan alokatzen direla orain.

"Ezin dugu holakorik erran biziki zaila baita dena neurtzea. Halere gure zerbitzuek kopuru txiki bat segitu dute eta zera ikusi dute: %20 behin betiko bizitegiak direla orain" zehaztu du Etxamendik. Konpentsazio neurria indarrean dagoenetik turismoa ez dela apaldu adierazi du Baionan egin duen agerraldian. 

 

Bestalde, egoitza mistoen kopurua emendatu da azken hilabeteetan. Ikasleei alokatzen zaizkie ikasturtean zehar eta turistei udan. 2023an, gisa horretako 324 bizitegi ziren eta iaz 912. Iruzur susmoak direla eta, elkargoaren zerbitzuek 400 kontrol egin dituzte Frantziako estatuaren administrazioarekin elkarlanean. Orain justiziak aztertu edo aztertuko dituen 5 kasu susmagarri aurkitu dituzte. Araua hautsi zuen Getariko jabe bati 30.000 euroko isuna eman izan diote duela zenbait hilabete. 

Xebax Christy ALDA plataformaren bozeramailearen hitzetan ere konpentsazio neurria eraginkorra da eta ez zaio egokitzerik egin behar. "Hiru urtez zazpi aldiz konpensatu ahal izan da bakarrik. Horrek araudiaren eragina frogatzen du. Egoitza turistikoen hemorragia gelditzeko egina izan da eta helburua lortzen du" dio pozik herritar plataformaren kide eta neurriaren sustatzaileak. 

FNAIM higiezin agentzien sareak ez du neurria batere begi onez ikusten eta egin zitezkeen helegite guztiak eman ditu. Galdu ere bai, justiziaren arabera konpentsazioa ez delakoan jabegoaren kontrako neurria. "Konpentsazioa legezkoa da eta justiziak ere bermatzen du, ados, baina neurria malguagoa izan liteken aztertzea eskatzen dugu urte osoan hemen bizi direnak eta turistak berradiskidetzeko. Hego Landetako agentzia batzuek diote bisitari gehiago izan zutela joan den udan baina bezero horiek egun-pasa ibili zirela maiz euskal kostaldean. Hori al zen neurriaren helburua? Ez ote da kaltegarria euskal ekonomiarentzat? "  galdetu du Elodie Mir FNAIM sarearen zuzendariak.  

ALDA plataforma ez dago horrekin ados eta bere ustez faktore guztiak kontuan hartu behar dira. Erosteko ahalmena nabarmen apaldu den garaian diru gutxiago dagoela zenbait opor guneetara joateko argi dauka taldeak. "Hendaiako herriko etxeak dio turismoa apaldu dela bertan baina denbora berean emandatu da Donibane Lohizunen eta bietan aplikatzen da konpentsazio neurria" ohartarazi du Xebax Christyk.

FNAIM higiezin agentzien sareak eta Hendaiako herriko etxea bezalako zenbait erakundek konpentsazio neurria malguagoa izan dadin galdetu dutela eta, Euskal Hirigune Elkargoak dio solasak badaudela beti ergitura guztiekin. Gogoetak daude ere Lapurdiko kostaldeko 24 herrien eremua zabaltzeko barnealderantz, Sara, Senpere edo Zuraiden, adibidez. "Echaniz-Le Meur izena duen legeak hori baimentzen du eta beraz orain bertako herriko etxeek berek aztertu eta neurtu behar dute eremu horretan sartu nahi dutenez heldu diren urteetan" gehitu du Nicole Etxamendik. Euskal Hirigune Elkargoaren hautetsiak argi du konpentsazio neurriak indarrean segituko duela emaitza onak emateaz gain denbora berean ikusi baita oraindik aplikatzen ez den herrietan bizitegi turistikoen kopuruak emendatzen segitzen duela beti.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain