Etxea bulego bihurtzen denean

Pandemiaren ondoren, telelana egonkortu egin da, eta eredu hibridoak gero eta indar handiagoa hartzen ari dira

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
Garazi Etxaniz Idarreta
EnpresaBIDEAko kazetaria
2026eko martxoaren 15a - 05:30

Ez da ebidentzia zientifiko handirik izan behar ohartzeko telelana langile askoren egunerokoaren parte bihurtu dela. Enpresa pribatu zein administrazio publikoetan gero eta ohikoagoa da lankide batzuk etxetik konektatuta ikustea: batzuek egunero egiten dute lan urrunetik, beste askok astean egun batzuk besterik ez, eta badira oraindik inoiz telelanik egiten ez dutenak ere. Egoerak orotarikoak izan arren, argi dago telelana ohikoa dela eta lan egiteko moduak eraldatzen ari direla.

 

Azken hilabeteetan, gainera, kontrako joera batzuk ere agertu dira nazioartean. AEBko hainbat enpresa handik langileak bulegora itzultzera behartu dituzte, edo presentzialtasuna handitu dute. Adibidez, Amazonek 2024an iragarri zuen langileek astean bost egunez bulegora itzuli behar zutela; Googleek eta Meta Platformsek ere presentzialtasun handiagoa eskatu diete langileei azken urteotan. Erabaki horiek eztabaida piztu dute lanaren antolaketari buruz: enpresa batzuek uste dute aurrez aurreko elkarreraginak berrikuntza eta lankidetza errazten dituela, baina beste askok ohartarazi dute neurri horiek talentua erakartzeko eta langileak mantentzeko zailtasunak sor ditzaketela.

Enpresa batzuek uste dute aurrez aurreko elkarreraginak berrikuntza eta lankidetza errazten dituela, baina beste askok ohartarazi dute neurri horiek talentua erakartzeko eta langileak mantentzeko zailtasunak sor ditzaketela

Eredu bakoitzak bere alde onak eta txarrak ditu, noski. Etxetik egunero lan egiteak isolamendua ekar lezake; bulegora egunero joateak, berriz, joan-etorrietako denbora eta malgutasun falta dakar askorentzat. Bakoitzaren gustu pertsonalak alde batera utzita, azken urteotan ikerketa ugari egin dira gaiaren gainean, eta bada gero eta gehiago errepikatzen den ondorio bat: eredu hibridoa indartzen ari da. Hau da, lanaren zati bat bulegoan eta beste bat etxean egitea, bi munduetako abantailak uztartzen saiatzen den formula gisa.

 

Zer diote azken urteetako datuek?

Zalantzarik ez da: 2020ko osasun krisian jo zuen goia fenomenoak. Urte haietan, euskal zentro publikoen %44k telelanean ari ziren langileak zituen, nahiz eta gero praktikak maila baxuagoetan egonkortu diren. Eboluzio orokorrak herrialde askotako joera berbera islatzen du: telelanak hazkunde nabarmena izan zuen pandemian zehar, eta ondoren formatu hibridoagoetara jotzea izan da ohikoena.

Hala ere, daturik berrienek erakusten dute telelana sendotu egin dela euskal administrazio publikoan pandemian zehar jaso zuen bultzadaren ondoren, zifra neurritsuekin bada ere. Eustatek 2025eko azaroan argitaratutakoen arabera, EAEko administrazio publikoetako zentroen %39,2k telelanean ari diren langileak ditu, nahiz eta urrunetik lan egin ohi duten langileen kopurua txikiagoa den: %6,1ek egiten du lan bere bulegotik kanpo, gutxienez lanaldiaren erdia. Sektore pribatuan telelanaren presentzia handiagoa da, pertsonen %11ra iristen baita, administraziokoekin alderatuta ia bikoitza.

Langile askok positiboki baloratzen dute telelana, eskaintzen duen malgutasunagatik eta kontziliazioagatik

Lan eskaintzetan ere islatzen da telelanaren egonkortasuna. InfoJobs enplegu plataformaren 2024ko iraileko datuek diotenez, Espainiako Estatuan argitaratutako 232.848 lanpostutan eskaini zen telelana egiteko aukera, hau da, eskaintza guztien %14an.

Bestalde, lan-estatistikek erakusten dute telelanak gutxiengoa izaten jarraitzen duela biztanleria okupatuaren artean. INE estatistika erakundearen 2024ko datuen arabera, EAEko pertsona landunen %5,5ek etxetik egiten du lan egunen erdietan baino gehiagotan, eta %8,4k noizbehinka. Aldiz, gehiengoak, %84,8k, ez du inoiz etxetik lan egiten. Nafarroan kopuruak antzekoak dira: %5,3k telelana egiten du asteko zatirik handienean, %6,4k noizbehinka, eta %87,5ek ez du inoiz etxetik lan egiten. Bi lurraldeetan, gainera, emakumeek gizonek baino zertxobait gehiago egiten dute telelana, bai noizbehinkako modalitateetan, bai erregularki.

Telelana astearen zatirik handienean egiten dutenak gutxitzen joan dira urtez urte

Urte bateko eta besteko datuak ikustea baino, esanguratsuagoa da bilakaera aztertzea. Izan ere, 2020tik 2024ra bitartean, nabarmen egin du gora noizbehinka etxetik lan egiten dutenen kopuruak: EAEn %4,2koa zen 2020an, eta %8,4koa 2024an; Nafarroan, berriz, %3,3tik %6,4ra igo da. Aldiz, telelana astearen zatirik handienean egiten dutenak gutxitzen joan dira urtez urte, pandemiaren gailurretik (orduan %7,2ra iritsi ziren EAEn eta %7,1era Nafarroan) gaur egungo %5 ingurura iritsi arte. Aldaketa horrek erakusten du lan egiteko Hego Euskal Herriko eredua eraldatzen ari dela: telelan iraunkor gutxiago egiten da, eta formula hibridoa gero eta gehiago erabiltzen da.

Produktibitatea, lankidetza eta ongizatea jomuga

Pandemiak eragindako “esperimentu” masiboaren ondoren, ikertzaileen eta nazioarteko erakundeen arteko adostasunak adierazten du telelanak produktibitatea hobetu dezakeela baldintza jakin batzuetan, bereziki kontzentrazioa eta autonomia eskatzen duten zereginetan. Nicholas Bloom ekonomialariak, fenomenoaz hitz egitean gehien aipatzen diren akademikoen artean dena, dokumentatu du etxetik lan egiteak etekin indibiduala handitu dezakeela, baina ohartarazi du emaitzarik onenak eredu hibridoekin lortzen direla, bulego eta etxeko egunak uztartuz, alegia.

Bestalde, telelanak antolakuntza kostuak ere badituela ohartarazi dute hainbat ikerketek. Nazioarteko erakundea den Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak (OCDE) jakinarazi du urrutiko lanak murriztu egin ditzakeela langileen arteko elkarrekintza informalak, eta hori funtsezkoa dela enpresen barruan ezagutza eta berrikuntza trukatzeko. Horrez gain, Centre for Economic Policy Researchi lotutako ikertzaileek diotenez, telelanak norbanakoaren eraginkortasuna hobetzen badu ere, urrutiko lan gehiegi egiteak kalte egin diezaioke ideien sorrerari eta sormen kolektiboari, hain zuzen ere, prozesu horiek aurrez aurreko elkarreraginetik sortu ohi direlako.

Lan egiteko Hego Euskal Herriko eredua eraldatzen ari da: telelan iraunkor gutxiago egiten da, eta formula hibridoa gero eta gehiago erabiltzen da

Lan ongizatearen ikuspegitik, azterketek balantzea beharrezkoa dela erakusten dute. OCDEren ikerketek adierazten dutenez, langile askok positiboki baloratzen dute telelana, eskaintzen duen malgutasunagatik eta kontziliazioagatik. Hala ere, gerta daitezkeen ondorio negatiboak ere antzeman dira, hala nola, isolamendu sozial handiagoa edo lanaldi luzeagoak. Hori nazioarteko analisietan ikusi da, eta, zenbait kasutan, egunean 50 minutu inguruko lan-igoerak ere izan daitezkeela aztertu da.

Infojobsek, ordea, beste ikuspuntu bat ere jorratu du plataformak berak eginiko 2024ko inkesta batean: langileen %53k joan-etorrietan denbora aurreztea nabarmentzen dute telelanaren abantaila nagusi gisa, eta, eredu erabat presentzialera itzultzeko aukeraren aurrean, landunen %39k aukera hori eskainiko lukeen beste enplegu bat bilatuko lukeela diote.

Langileen %53k joan-etorrietan denbora aurreztea nabarmentzen dute telelanaren abantaila nagusi gisa

Hori dela eta, oso zabalduta dagoen ondorioa da eredu hibridoa (astean egun bat edo gehiago telelanean arituta) izan daitekeela aukerarik interesgarriena: produktibitatearen, lankidetzaren eta laneko ongizatearen arteko orekarik eraginkorrena izan daiteke.