Alokairuaren prezioa %4,2 eta %4,1 igo da urtebetean, hurrenez hurren, EAEn eta Nafarroan. Hala jakinarazi du gaur Idealista agentziak, azaroko datuei erreferentzia eginez. Urriaren aldean, prezioak %1,0 garestitu dira Nafarroan, baina EAEkoak %0,6 merkatu dira.
EAEren kasuan probintziak begiratuta, ikus daiteke alokairuak gehien Bizkaian garestitu direla, urtebetean %4,5 igo baitira prezioak; Araba ez da batere urruti ibili, iaz baino %4,4 garestiagoak izan baitira aurten prezioak azaroan. Gipuzkoan ere prezioak handitu diren arren, gorakada %2,6koa izan da.
Idealistak datuak hiriburuka ere eskaintzen ditu, eta joera orokorra goranzkoa izan da: Gasteizen %3,8, Bilbon %3,5 eta Iruñean %1,6 hazi dira etxebizitzen prezioak. Aldiz, eta arraroa bada ere, beherakada txikia izan da Donostian: iaz baino %0,2 merkeagoak dira alokairuak.
Hala ere, Gipuzkoako hiriburuak garestiena izaten jarraitzen du, metro karratuko batez beste hilabetean 17,8 euro ordaindu behar baitira Idealistaren arabera. Atzetik du Bilbo, batez besteko 15,2 eurorekin; Gasteizen metro karratuko 12,5 euro ordaintzen dira, eta Iruñean zertxobait gutxiago, 11,3 euro. Hala, batez beste 14,8 euro ordaindu behar dira egun EAEn alokairuko etxebizitza baten metro karratu bakoitzeko; Nafarroaren kasuan batez bestekoa 10,7 eurokoa da.