• EKONOMIA
  • 2016an baino %30 garestiagoak dira alokairuko etxebizitza libreak EAEn

2016an baino %30 garestiagoak dira alokairuko etxebizitza libreak EAEn

Alokairuak %5,8 garestitu dira urtebetean, eta, aldi berean, gero eta handiagoa da etxebizitza eskaeren kopurua

2024 urte amaieran 99.872 etxebizitza eskaera zenbatu ziren | Argazkia: iStock
2024 urte amaieran 99.872 etxebizitza eskaera zenbatu ziren | Argazkia: iStock
2025eko urriaren 28a - 15:03

Etxebizitzaren Euskal Behatokiak bi ikerketa berri argitaratu ditu, EAEko etxebizitza merkatuari buruzko datuak eskainita: “Etxebizitza EAEn 2024 eta Aurrerapena 2025” da lehen txostena, eta “Etxebideren eskariaren bilakaera 2025eko 3. hiruhilekoan” da bigarrena.

 

Batetik, zehazten da 2024 urte amaieran 99.872 etxebizitza eskaera zeudela indarrean, 2023. urtean baino ia 10.000 eskaera gehiago (%10,5); eskaera gehienak alokairurako egin ziren (%80), eta, gehien bat,  Bizkaian. Etxebizitza bilatzeko izena eman zutenek 16.000 eurotik beherako diru-sarrerak izan zituzten.

2025eko hirugarren hiruhilekoari dagokionez, bizitoki eskaerek gora egiten jarraitu dute: 1.011 eskaera egin ziren, %0,98ko hazkundearekin eta orotara 103.710 eskaerara iritzita. Gehiago izan dira (%5,05) erosteko etxebizitza bila dabiltzanak, alokairu bila dabiltzanak baino (-%0,68).

 

Esfortzu ekonomiko handia

Alokairua ordaintzera diru-sarreren %37,9 bideratu behar dute egun familiek, batez beste; hori gutxi balitz, azken urtean alokairuen prezioa %5,8 garestitu dela jakinarazi du etxebizitzaren behatokiak. 2016. urtearekin alderatuta, EAEko alokairuak %30 garestitu dira, eta alokairu libreko EAEko batez besteko prezioa 819 eurora iritsi da. Datuen arabera, Gipuzkoan ordaintzen da gehien.

Etxebizitza librearen prezioa ere %11,5 igo da 2025eko lehen seihilekoan, aurreko urteko epe berarekin alderatuz gero. Hala, metro karratuko egungo prezioa 3.246 eurokoa da; bigarren eskuko etxebizitzena zertxobait baxuagoa da: 3.216 euro metro karratuko, iaz baino %9,8 gehiago. Hala ere, Donostiaren kasuan metro karratuko prezioa 5.853 eurokoa da, eta Getxo (4.621 euro), Bilbo (3.950) eta Gasteiz (3.100) ditu atzetik.