INEk gaur argitaratu ditu etxebizitza prezioei buruzko 2025eko bigarren hiruhilekoko datuak, eta Hego Euskal Herriaren kasuan, indizeak goranzko bidean jarraitu du, bai etxebizitza berrien kasuan, bai bigarren eskukoen kasuan.
Izan ere, bigarren hiruhilekoa 2024ko epe berarekin alderatuta, etxebizitzen prezioa %12,4 garestitu da EAEn eta %12,0 Nafarroan. Bigarren eskuko etxebizitzen prezioa igo da gehien: %12,6 EAEn eta %12,3 Nafarroan. Etxebizitza berrien prezioa, ordea, ez da zifra horretatik oso urrun geratu: etxe berriak iaz baino %11,9 eta %11,5 garestiagoak izan dira, hurrenez hurren, EAEn eta Nafarroan.
2025eko lehen hiruhilekoaren aldean ere etxebizitzen prezioa handitu egin da. Halere, igoera nabarmenagoa izan da Nafarroan: bigarren eskuko etxebizitzen prezioa %5,1 handitu da eta etxebizitza berriena %2,4; alegia, oro har, %4,2 handitu dira prezioak. EAEren kasuan, prezioen hazkundea makalagoa izan da: bigarren eskukoena %3,9 igo da eta etxebizitza berriena %1,2; hala, orokorrean %3,5 garestitu dira prezioak lehen hiruhilekotik bigarrenera.