Arabako Foru Aldundiaren enkarguz Gizakerrek ondutako barometroaren arabera, arabarren gehiengoak (%96,3) garrantzia ematen dio industriak eta enpresak sortzeari lurraldeko ekonomia garatzeko. Era berean, herritar gehienek modu positiboan baloratzen dituzte industria lurzoruaren eskuragarritasuna, langileen prestakuntza eta zerga pizgarriak izatea, lurraldera inbertsioak erakarri ahal izateko. Bestalde, inbertsioa erakartzeko negatibotzat jotzen dituzte absentismo maila (%75) eta lan gatazkak (%71,6).
Gizakerren ikerketaren helburua izan da Arabako herritarrek zenbait gizarte gairi buruz duten iritzia jasotzea, eta Arabako Batzar Nagusietarako hauteskundeei buruzko azterketa egitea. Gizakerrek 1.200 elkarrizketa egin ditu guztira.
Hauteskundeak gaur egingo balira, EAJ izango litzateke indar bozkatuena, botoen %29,4 eskuratuko bailituzke. Ondoren, EH Bilduk botoen %28 lortuko lituzke, Alderdi Popularrak %15,5, PSE-EEk %15,4, Voxek %4,5, Sumarrek %3,3 eta Elkarrekin Podemosek %1,9.
Horrekin batera, Arabako bizi kalitatearen sentipenari 7,52ko batez besteko nota eman diote herritarrek, abenduko barometroan lortutakoa baino zertxobait gehiago (7,45). Egoera ekonomikoa, aldiz, 6,34ean baloratu dute.
Halaber, barometroaren arabera etxebizitza da arabarren arazo nagusia. Gai horrek geroz eta kezka handiagoa sortzen du, inkestatutako hiru pertsonatik batek (%34,6) aipatu baitute.