Espainiako Gobernuak iragarri du 180 milioi euro banatuko dituela bost autonomia erkidegoren artean, zehazki, etxebizitza merkatuko tentsio handiko eremuak izendatu dituztenen artean, etxebizitza eskuragarrien eskaintza handitu eta alokairuen prezioak beheratu ditzaten. Errege-dekretu bidez onartu du Espainiako Gobernuak dirulaguntza lerro berria, zeinak ez duen Legebiltzarraren baliozkotzerik behar.
EAE eta Nafarroaren kasuan, hurrenez hurren 31 milioi eta 13,3 milioi euro jasoko dituzte, eta hurrenkera bera jarraituta, 18 udalerriren eta 21 udalerriren artean banatuko dira. Funtsen zenbatekoa zehazteko, Espainiako Gobernuak kontuan izan duena zera izan da: lurralde bakoitzeko biztanleen zein ehuneko bizi den etxebizitza merkatuko tentsio handiko eremuetan, baita bertako familiek zer nolako esfortzua egin behar duten alokairua ordaintzeko ere. Hala, helburua da etxebizitza eskuratzeko zailtasun handiena erakusten duten lurraldeek diru kopuru handiagoa jasotzea.
Esleitutako dirua, batik bat, alokairu eskuragarrien eraikuntzara zein birgaitzera bideratu beharko da, edota jadanik dagoen eskaintza handitzera, baina baita bizileku-erabilerarako lurzorua eskuratzera ere. Hala ere, erkidegoek baliabide horiek erabili ahal izango dituzte alokairu-kontratuetan ordaintzen ez diren gastuei aurre egiteko, eta hala, jabeei berme handiagoak eskaini ahal izateko.
Isabel Rodríguez Espainiako Etxebizitza eta Hiri Agendako ministroak adierazi du tentsio handiko eremuak izendatzeak ez duela bere horretan esan nahi egoera positiboa denik, baina aitortu du baliagarriak direla arazo baten aurrean "ezohiko irtenbideak eskaintzeko".
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta