• EKONOMIA
  • Etxebizitzarako laguntzei buruzko hitzaldiak eskainiko dira Araban

Etxebizitzarako laguntzei buruzko hitzaldiak eskainiko dira Araban

Doako sei jardunaldi antolatu ditu aldundiak Arabako sei kuadrillatan

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
2026eko apirilaren 7a - 13:18

Bizi dugun etxebizitza krisia dela medio, Arabako Foru Aldundiak hitzaldi informatiboak abiatuko ditu, hain zuzen ere, gaiari loturiko baliabideak, laguntzak eta proiektuak “herritarrei hurbiltzeko”. Horretarako, oraingoz, sei data zehaztu ditu aldundiak; lehenengo topaketa Legution egingo da, apirilaren 15ean, eta jarraian honako hauek iritsiko dira: apirilaren 22an Amurrioko Katekesi Aretoan, maiatzaren 5ean Maeztuko udaletxean, maiatzaren 13an Pobeseko Gizarte Zentroan, maiatzaren 20an Aguraingo Manu Yanke aretoan eta maiatzaren 27an Bilarko Erabilera Anitzeko Aretoan.

 

Doako jardunaldi horiek guztiak arratsaldeko 18:00etan egingo dira, eta bertan, foru erakundeak “informazio erabilgarria eta hurbila emango du”, zalantzak argitu eta auzotarren parte-hartzea sustatzeaz gain. Zehazki, etxebizitza.araba.eus atarian aurki daitezkeen laguntzei buruzko informazioa zehaztuko da, etxebizitza-bulego berria aurkeztuko da, eta eraikuntza-planak ezagutaraziko dira.