• EKONOMIA
  • Etxebizitzaren premiazko erreformaren aurka elkarretaratzea egin du ELAk

Etxebizitzaren premiazko erreformaren aurka elkarretaratzea egin du ELAk

Sindikatuak aldarrikatu du BPGren %2 etxebizitza politiketara bideratzea, alokairuen prezioa jaistea eta etxebizitza turistikoak mugatzea

Argazkia: ELA sindikatua
Argazkia: ELA sindikatua
2025eko abenduaren 4a - 12:33

ELA ez dator bat EAJk eta PSEk sustatutako etxebizitzaren arloko premiazko neurrien legearekin, zeina datorren ostegunean onartuko den. Ezadostasuna adierazteko elkarretaratzea egin du gaur sindikatuak Eusko Legebiltzarrean.

 

Izan ere, ELAk iritzi du premiazko neurrien legea ez dela baliagarria etxebizitza krisiari aurre egiteko, are gehiago, “azken hamarkadetan garatutako higiezinen politiken logikan jarraitzen du”. Sindikatuak zenbait arazo ikusten ditu Jaurlaritzaren proposamenean: ez dago etxebizitza turistikoen kopurua murrizteko neurri eraginkorrik, eraikuntza enpresek eta bankuek etekin gehiago izateko etxebizitza libre gehiago eraikiko dira, eta, oro har, alokairuko etxebizitza babestuak eraikitzeari kalte egiten zaio.

Arazo horien guztien aurrean, ELAk honako aldarrikapenak egin ditu: etxebizitza eskubidea bermatzea, etxebizitza babestu guztiak alokairukoak izatea, BPGren %2 etxebizitza politiketara bideratzea, alokairuko etxeen prezioa mugatzeko tentsio handiko eremuen legeria aldatzea, hutsik dauden bizitokiak mobilizatzea eta erabilera turistikoko etxebizitzak mugatzea eta debekatzea.