• EKONOMIA
  • Etxebizitza, lehen kezka soziala Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren %60entzat

Etxebizitza, lehen kezka soziala Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren %60entzat

Lan merkatuaren bilakaera eta osasungintza dira bigarren eta hirugarren kezka nagusiak

Etxebizitza bat, artxiboko argazki baten | Argazkia: Europa Press
Etxebizitza bat, artxiboko argazki baten | Argazkia: Europa Press
2026ko ekainaren 15a - 13:54

Eusko Jaurlaritzaren Prospekzio Kabineteak EAEko 89. Soziometroaren emaitzak argitara eman ditu gaur goizean, eta horren arabera, biztanleen %60ren kezka sozial nagusia etxebizitza da. %3 egin du gora martxoan argitaratutako azken ediziotik, orduan %57k aipatzen baitzuen larritasun gisa. Kabinetetik adierazi dutenez, gainera, orain arteko erregistroak gainditu ditu, hurrengo alderdia 20 puntu behetik baitago.

 

Zehazki, lan merkatuarekiko kezka adierazi du %40k, eta osasungintza %24k, eta biek ala biek egin dute behera martxotik. Arazo ekonomikoei buruzko kezkek ere behera egin dute, %13k aipatu baititu. 

Aitzitik, badira gora egin dutenak ere: %21ek segurtasun falta azpimarratu du kezka gisa eta immigrazioa %15ek. Kasu honetan, faktore ideologikoez ere hitz egitea garrantzitsua da. Eskuinarekin identifikatzen direnen kasuan, bikoiztu egin da immigrazioarekiko kezka; euren burua ezkertiartzat dutenek, aldiz, maizago aipatu dute etxebizitzarekiko kezka. 

 

Egunerokoan eragiten duten arazo pertsonalen artean gehien atera direnak dira arazo ekonomikoak (%24k nabarmendua), lan merkatuari loturikoak (%23k aipatua), etxebizitza (%21en kezka) eta osasungintza (%21ena). Azken bi horiek gora egin dute martxotik, baita segurtasun faltak ere, %13k aipatu dutena. 

Soziometroaren abiapuntua telefono bitartezko 3.485 inkesta izan dira, maiatzaren 20tik 26ra eginikoak, horietatik 800 Araban, 1.485 Bizkaian eta 1.200 Gipuzkoan.