
Gipuzkoako higiezinen jabetzako agenteen elkargo ofizialak jakinarazi du urteko bigarren hiruhilekoan %48,4 areagotu dela etxebizitzen salerosketa aurreko epe beraren aldean, 2.223 eragiketa izan baitira. Zifra hori 2007ko lehen hiruhilekotik izan den altuena da. Lehenengo hiruhilekoan baino %2,7 salerosketa gehiago izan direla ere adierazi du elkargoak.
Hala, etxebizitzen eskualdatzeen gehiengoa (%58,18) salerospen bitartez egin da, herentzia gisa jaso dira %26,1, dohaintzan eman dira etxebizitzen %1,43, eta bestelako eskualdatze-tituluengatik eskuratu dira %14,29.
Etxebizitza motaren arabera sailkatuta, 1.994 bigarren eskukoak izan dira, iaz baino %47,3 gehiago; etxebizitza berriak ziren gainerako 229ak, iaz baino %59 gehiago.
Etxebizitza berrien kasuan, metro karratuko batez beste 4.421 euro ordaindu dira, aurreko urteko epe berean baino %22,5 gehiago. Bigarren eskuko etxebizitzetan batez beste 3.613 euro ordaindu dira metro karratuko, urte arteko %4,5eko igoerarekin. Etxebizitzen prezio tasatuak ere %5 egin du gora urtebetean, 3.094 euro ordaindu behar baitira batez beste metro karratuko.
Lurraldean etxebizitza salerosketek gora egin duten moduan, gauza bera gertatu da hiriburuan ere. Izan ere, 460 eragiketa zenbatu dira Donostian bigarren hiruhilekoan, aurreko urteko epe berean baino %35,1 gehiago. Azken hamabi hilabeteak kontatuta ere %43,3 eskualdatze gehiago izan dira. Hori bai, metro karratuko prezioa batez bestekoa baino nabarmen altuagoa da hiriburuan, elkargoaren datuek baitiote Donostian metro karratuko 5.869 euro ordaindu direla, urte arteko %5,7 gorakada izan ondoren.