• EKONOMIA
  • Etxebizitzak alokairuan jartzen dituztenentzako aseguru publikoa onartu du Eusko Jaurlaritzak

Etxebizitzak alokairuan jartzen dituztenentzako aseguru publikoa onartu du Eusko Jaurlaritzak

Alokaplus programak eremu tentsionatuetan alokatzen duten jabeentzat funtzionatuko du eta azaroan sartuko da indarrean. Horren bidez, 25.000 etxebizitza huts mobilizatzea espero da

Tolosa bizitegi-merkatu tentsionatuko udalerria da | Argazkia: iStock
Tolosa bizitegi-merkatu tentsionatuko udalerria da | Argazkia: iStock
2026ko urriaren 13a - 16:00

Eusko Jaurlaritzak Alokaplus programa onartu du Gobernu Kontseiluan. Etxebizitza merkatuko eremu tentsionatu izendatutako udalerrietan etxebizitzak alokatzen dituzten jabeei zuzendutako doako aseguru publikoa da. Gehienez bost etxebizitza dituzten jabeei eskainiko zaien zerbitzua da eta etxebizitza horiek ohiko bizileku gisa izateko alokairura bideratu beharko dira.

 

Programa honen helburua eremu horietan dauden 25.000 etxebizitza hutsen zati bat merkaturatzea da. Horretarako, errenta ordaintzen ez dutenen, ordaintzeke dauden hornidura fakturen eta maizterrari egotz dakizkiokeen kalteen aurrean babesa eskainiko du Alokaplusek. Prezioen gorakada moteltzeko eta alokairu eskuragarriaren eskaintza handitzeko ekimenen barruan kokatu dute neurria.

Laguntza 14 hilerokoa izan daiteke gehienez. Muga hori 20 hilekora arte luzatu daiteke errentariak 35 urte edo gutxiago dituenean, 65 urte baino gehiago dituenean, guraso bakarreko familia-unitate batean edo ardurapeko adingabeak edo dibertsitate funtzionala edo psikikoa duten pertsonak dituen bizikidetza-unitate batean dagoenean.

 

Alokairua ez ordaintzearen kasuan, segurua martxan jarriko da epaitegiak kontratua indargabetzeko eta etxebizitza berreskuratzeko demanda izapidera onartzen duen unean. Estalitako zenbatekoek hitzartutako errenta eta erreferentziako araudiak ezarritako mugak izango dituzte neurri. Aseguru honek ez du maizterren zorra kitatuko. Eusko Jaurlaritzak jabeari ordaindu ostean, Administrazioak maizterrari eskatuko dio diru hori itzultzea, aplikatu beharreko araudiaren arabera.

 

 

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain