• EKONOMIA
  • Etxebizitzarekiko kezka 12 puntu igo da EAEn

Etxebizitzarekiko kezka 12 puntu igo da EAEn

Soziometroaren arabera, lan merkatua da bigarren kezka nagusia

Etxebizitza batzuk eraikitzen, Bilbon, artxiboko irudi batean | Argazkia: Europa Press
Etxebizitza batzuk eraikitzen, Bilbon, artxiboko irudi batean | Argazkia: Europa Press
2026ko azaroaren 5a - 12:28
Eg. 2026ko azaroaren 5a - 14:35

Euskal herritarren %72k etxebizitza jo du arazo nagusitzat, Lehendakaritzako prospepkzio soziologikoen kabineteak egin ohi duen Soziometroan jasotzen denez. Azken inkestan, %60k aipatzen zuen. Alegia, 12 puntutan igo da kezkatzat jotzen dutenen portzentajea, kezka transbertsala bihurtu dela argi utzita.

 

Horren atzetik, lan merkatuak sortzen die herritarrei larritasun gehien, %40k adierazi baitu aukera hori. Horren atzetik dira, hurrenez hurren: osasungintza (%22), arazo ekonomikoak (%17), delitugintza eta segurtasun-gabeziaren sentsazioa (%16) eta immigrazioa (%13). Aitzitik, maiatzeko inkestan baino pertsona gehiagok azpimarratu dituzten bi kezka bakarrak etxebizitza eta arazo ekonomikoak izan dira.

Eguneroko bizitzan eragiten duten arazo pertsonalei erreparatuz gero, %27k aipatzen ditu arazo ekonomikoak, %26k etxebizitza, %21ek enplegua eta eta beste horrenbestek osasungintza. Alderdi honetan, baina, heterogeneotasuna antzeman daiteke adinaren arabera: 45 urtetik beherakoen artean etxebizitza eta enplegua dira nagusi; adinekoen artean, aldiz, osasuna, pentsioak edo mendekotasuna indartu dira.

 

Soziometroan sakontzen jarraituta, azterlanak erakundeekiko konfiantza maila ere aztertu du. Unibertsitatea da herritarren artean konfiantza handiena sortzen duen erakundea (%81), eta jarraian daude Eusko Jaurlaritza (%72), aldundiak (%67), Eusko Legebiltzarra (%63) eta udalak (%61). Alderdi politikoak dira konfiantza txikiena jasotzen dutenak (%13).

Ikerketa urriaren 20tik 23ra bitartean bildutako 3.485 telefono-inkestatan oinarrituta dago, horietatik 800 Araban, 1.485 Bizkaian eta 1.200 Gipuzkoan. 

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain