• EKONOMIA
  • Etxebizitzaren eskaintza handitzeko neurriak eskatu ditu Europako Parlamentuak

Etxebizitzaren eskaintza handitzeko neurriak eskatu ditu Europako Parlamentuak

2010etik %28,8 handitu dira alokairu prezioak Europan. Etxebizitzen salerosketa-prezioa, aldiz, %60,5 igo da

Etxebizitza berriak Bilbon | Argazkia: Europa Press
Etxebizitza berriak Bilbon | Argazkia: Europa Press
2026eko otsailaren 10a - 16:43

Europako Parlamentuak etxebizitza krisiari aurre egiteko neurriak proposatu ditu. Etxebizitzaren aferari aurre egiteko eratutako batzorde bereziak eskatu du merkatuko eskaintza handitzea, administrazio prozesuak arintzea eta EBko herrialdeetan etxebizitzarako sarbide “duin, jasangarri eta arrazoizkoa” bermatzea.

 

Batzordeko 23 kidek bozkatu dute neurri horien alde, seik aurka egin dute eta beste lau abstenitu egin dira. Orain proposamena parlamentura eramango dute eta martxoan bozkatuko dute.

"Etxebizitzarik eza da pobrezia eta gizarte-bazterketarako modurik larriena", azpimarratu du Euroganberak. Europako parlamentarien arabera, krisia azken urteetan eraikuntza nahikoa egin ez delako eta eskaintzaren eta eskariaren arteko "desoreka iraunkorragatik" jazo da. Halaber, testuinguru horretan, alokairuak 2010etik %28,8 eta salerosketa-prezioak %60,5 igo dira.

 

Diagnostiko horren aurrean, Europako Parlamentuak lehentasuntzat hartu du bizitegi-parkea handitzea eta eraikuntza zein birgaitzea bizkortzea, administrazio-kargak murriztearen aldeko apustua eginez eta 60 eguneko gehieneko epea ezarriz etxebizitza proiektu iraunkorrak egiteko baimenak emateko.