Etxebizitzaren arazoa guztion ahotan dago. Madrilgo Erretiro auzoko Maricarmen bizilagunaren desjabetzearen eta heriotzaren ondorioz, kaleak eta plazak bete egin dira etxebizitza eskubidea aldarrikatzeko eta espekulazioaren aurkako mezu zuzenak entzun dira. Honek, Espainia mailako politikan eragina izan du eta Pedro Sanchez presidenteak hauteskundeak aurreratu ditu azaroaren 29rako. Maizterren sindikatuaren eskarietako bat greba orokorra deitzea izan da, azaroaren 11rako.
Hala ere, ez gara hain urruti joan behar desjabetzeen errealitatea ikusi ahal izateko. Erandioko Los Ocho auzuneko bizilagunek bere etxebizitzen jabeak aldatu direla jakin dute eta inbertsio funts baten esku daudela. Bizilagunek jakinarazi dutenaren arabera, jabe berriek ez dituzte kontratuak berritu nahi eta etxebizitzak saldu nahi dituzte. Urte amaiera baino lehen 14 familien kontratua amaituko da eta egoera horrek beraien desjabetzea ekarri dezake. Guztira 120 familia baino gehiago bizi dira eraikin hauetan eta beraien alokairu kontratuen etorkizuna airean dago.
Desjabetzeen arazoa, zoritxarrez, ez da berria. 2007 urteko krisiak etxegabetzeen gorakada bat ekarri zuen. Higiezinen burbuilan erositako etxebizitzei eragin zien batez ere krisi horrek, eta kolpea hipotekari aurre egiteko arazoak izan zituzten familiek pairatu zuten nagusiki. Egoera horren ondorioz, desjabetuei laguntzeko herri ekimenak sortu ziren. Besteak beste, Kaleratzeak Stop edo Hipotekak Kaltetutakoen Plataforma.
2025 urtean EAEn 974 etxegabetze egon ziren. %60ko hazkundea da 2024 urtearekin alderatuta. Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak argitaratutako datuen arabera, kaleratze horietatik, 716 alokairuari aurre egiteko ezintasunagatik izan dira
Gaur egungo egoera desberdina bada ere, desjabetzeek jarraitu egiten dute. 2025 urtean EAEn 974 etxegabetze egon ziren. %60ko hazkundea da 2024. urtearekin alderatuta. Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak argitaratutako datuen arabera, kaleratze horietatik, 716 alokairuari aurre egiteko ezinbtasunagatik izan dira; 2024an baino %43,8 gehiago. 2026aren lehen hiruhilekoan, aldiz, 213 kaleratze gauzatu dira epe honetan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, eta %90 baino gehiago alokatutako etxebizitzetan gertatu dira.
Nafarroan ere egoera ez da ona, nahiz eta azken urteetan desjabetzeen kopurua gutxitu egin den. 2025. urtean egunean bitan gauzatu ziren desjabetzeak, guztira 167 kaleratze izanik, eta horietatik 135 alokairuari aurre egiteko zailtasunengatik izan dira. Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak emandako datuen arabera, eboluzio desberdina eman da azken urteetan. 2021ean 223 desjabetze gauzatu ziren eta 2024. urtean 134etara jaitsi ostean, 2025ean gorakada ikusi da. 2026ko lehen hiruhilekoan gertatu diren 21 etxegabetzeetatik 19k alokairuarekin zerikusia dute.
Funtsak eta turismoa
Etxebizitza krisia areagotzen den bitartean, higiezinen prezioak gorakoa izaten jarraitzen du. Urteko bigarren hiruhilekoan, EAEn %10 garestitu dira eta %9,5 Nafarroan. Igoera horien arrazoien artean, faktore asko agertzen dira, baina turismoa eta inbertsio funtsen eragin zuzena nabarmena izaten da. Maite Ortiz PAH Gipuzkoako abokatuak egunero ikusten du eragina zein den. “Funts hauentzat etxebizitzak erostea oso inbertsio errentagarria da. Gaur egun, bankuek %3 edo %4ko interes-tasa eskaini dezakete, baina jende honek egiaztatu du higiezinetan inbertitzea dela etekin handiagoa lortzeko modurik onena”.
Funtsen jarduera etxebizitza-bloke osoak erostea izaten ari da. Ortizen araberan “neurriz kanpoko prezioetan saltzea baimendu da eta etxebizitza hustu ostean, errentagarritasun handiagoa ematen duten turismo-etxebizitzabihurtu dira". Abokatuak dio egora geldiarazi behar dela, eta azpimarratu du funts horiek hipoteka-altxamendu batean amaitzen duten etxebizitzak ere erosten dituztela.
Turismoaren eragina zuzena dela argi du Ortizek. Ibizako uhartean gertatzen ari dena adibide bezala jarri du abokatuak. Atzerritar askok higiezinak erosi dituzte eta bertako biztanleak bere kotxeetan edo furgonetetan bizi dira. “Ibizako egoera modu batean gurean gertatzen ari dela uste dut”, adierazi du abokatuak.
Etxebizitza gehiago eraikitzearen inguruan, PAH Gipuzkoako abokatuak uste du “babes ofizialeko etxebizitzak" lehenetsi behar direla. "Etxebizitza eskuragarria eraikitzen saiatu behar da, herritarren eskura dauden bide ekonomikoen bidez eskuratu ahal izateko, ez neurrigabeko prezioetan”, defendatu du.
Madrilgo gobernuaren dekretua nahiko?
Azken asteetan, Espainiako Gobernuak aurrera eraman izan nahi dituen dekretuen inguruan asko hitz egin da. Haien inguruko iritzi argia du PAH Gipuzkoan lan egiten duen abokatuak: “Hipotekekin loturiko desjabetzeen inguruko neurririk ez agertzeak min egin dit, egunero ikusten dudan arazoa delako”. Adierazi du, gainera, etxebizitzaren krisia ez dela guztiz konpontzen dekretu horien bitartez, ez baita konpontzeko erraza den arazoa. Alabaina, “neurri hauek jende askok une honetan bizi duen egoera hain dramatikoa arintzeko balio izan dezaketela uste dut”, mahaigaineratu du Ortizek.
Etxebizitza eskubidea gailendu egin behar dela azpimarratu du abokatuak: “eskubide horri lehentasuna eman behar zaio, etxebizitza inbertsio-bide bihur daitekeenaren aurrean”. Modu berezian babestu beharreko ondasuna dela dio PAHko abokatuak eta horretarako inbertsio funtsen jarrera gelditzea oso zentzuzkoa dela uste du. Ortizen arabera: “Etxebizitza behar oinarrizko bat da eta babestu behar da”.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta