
Etxebizitzaren krisiari aurre egiteko lan jardunaldia antolatu zuen atzo Gurea Geroa plataforma digitalak. Laboral Kutxa eta Osoigo Next erakundeek sustatutako gune digitala da Gurea Geroa, eta Euskal Herriko gazteei ahotsa ematea du helburu. Hain zuzen, gaurkotasuneko gaien inguruan iritzia eman, parte hartu eta konponbideak proposatzeko gunea da, ostera, ordezkari politikoek nahiz euskal eragileek proposamen horiek jaso ditzaten.
Hala, azken bost hilabeteotan, Gurea Geroa guneak etxebizitzaren inguruko iritziak eta proposamenak biltzeko galdetegia zabaldu du, proposamen fase bat izan da gero, eta azkenik, atzoko lan jardunaldian orain arteko proposamenak entzuteko etxebizitzaren inguruko eztabaida antolatu dute. Gazteek egindako proposamenen artean ikasleen pisu bilaketa errazteko eta alokairuen prezioa arautzeko plataforma bat sortzea aipatu ziren, baita gazteen alokairu soziala bultzatzeko ideia ere.
Aldi berean, finantza hezkuntzako programak egitea edota emantzipaziorako laguntza nahiz diru laguntzei buruzko informazioa bildu lezakeen webgunea sortzea ere proposatu dute lan jardunaldiko parte hartzaileek.
Plataforma digitalak 6.000 parte hartzaile aktibo baino gehiago ditu dagoeneko, eta lehen prozesu parte hartzaile honetan, ehun proposamen baino gehiago jaso ditu. Orain arteko emaitzak biltzen dituen txostena argitaratzeko asmoa du gune digitalak, gerora, Eusko Legebiltzarrean aurkezteko. Behin prozesua amaituta, gaurkotasuneko beste gai bat oinarri hartuta, parte hartze prozesu berri bat jarriko dute martxan.