Uztaileko EAEko soziometroan jasotakoaren arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarren %51ek etxebizitza ikusten du "arazo nagusi" gisa. Urtarriletik lau puntu igo da zifra hori. Datuaren bilakaera aintzat hartu du Zedarriak Foroak bere zazpigarren txostenaren gaia zehazteko. Euskadi etxebizitzaren erronkaren aurrean izenburupean eginiko lana gaur aurkeztu dute Bilbon, Meliá Hotelean.
Zedarriakek defendatu duenez, arazoa ez da soilik ekonomikoa, baizik eta "gure gizarteek dituzten tentsioen —demografikoak, klimatikoak, teknologikoak...—erakusgarria". Aldi berean, esan du "aukera berdintasunari, familien ongizateari eta lurralde lehiakortasunari" eragiten diola. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak garaturiko Etxebizitza Planak egun dauden erronka askori heltzen badie ere, arazoa Etxebizitza sailaren eskumenetik harago doala uste du Zedarriakek, eta "ikuspegi integrala" ezinbestekoa dela, baita "erantzun kolektiboa" ere.
Erantzun kolektibo hori emateko bost ardatz mahaigaineratu ditu, politika transbertsal izan beharko liratekeenak. Egun dagoen etxebizitza parkea aktibatu eta eraldatzea da lehenengoa, bost urtean 10.000 etxebizitza mobilizatu ahal izateko. Eraikuntza jasangarri eta inklusibo berria sustatzea da bigarren ardatza, belaunaldi arteko ereduak sustatuta, kooperatiboak eta gertutasunezkoak. Erakunde-gobernantza indartzea da hirugarren helburua, Etxebizitzaren Euskal Partzuergoaren sortuta. Horren lana litzateke epe luzeko planifikazioa, inbertsioa eta datuak eskuratzea, eta aldi berean lur-zoru politikak udaletatik harago kudeatu daitezen politikak bultzatzea. Zedarriakek uste du horrek burokrazia gutxitu eta eskala handiagoko proiektuak ahalbidetuko lituzkeela.
Tresna finantzario eta fiskal berritzaileak garatzea da laugarren gakoa foroaren iritziz, funts publikoak eta kapital publikoa uztartuko dituena, alokairu eskuragarriari eta errehabilitazioari bultzada emateko. Eta lurralde eta gizarte bisio partekatua eraikitzea nabarmendu du bosgarren ardatz gisa, datu irekietan eta eraikitako parkearen biki digitalean oinarritua, etxebizitza, energia eta mugikortasuna lotuko dituena.
Zedarriakek egindako estimazioen arabera, neurriok guztiek ahalbidetu dezakete egun hutsik dauden 5.000 eta 7.500 etxebizitza bitarte merkaturatzeatzea
Era berean, ardatz horiei loturiko 42 iniziatiba jakin proposatu ditu foroak, tartean etxebizitzako arrisku kapital-funtsa sortzea, biziarteko usufruktuarekin. Egitasmo horrek ahalbidetuko luke, foroak dioenez, etxebizitza patrimonioa likidezia bihurtzea, eta epe ertainera alokairuko etxebizitza parkea sortzea. Era berean, hutsik dagoen etxebizitzaren mobilizazioa ere mahaigainean jarri nahi du berme publikoa eta gizarte egitasmoak bateratuko dituena. Alazti Fundazioarekin bat datorren proiektua izan daiteke hori, baztertze arrisku egoeran dauden pertsonei alokairu eskuragarriak eskaintzen dizkion fundazio komunitarioa.
Zedarriakek egindako estimazioen arabera, neurriok guztiek ahalbidetu dezakete egun hutsik dauden 5.000 eta 7.500 etxebizitza bitarte —egun hutsik dagoen parkearen %20 gutxi gora behera— merkaturatzea, batez ere eskuragarri izango den alokairuarentzat. Aldi berean, etxebizitza parkean %20 eta %25eko errehabilitazio energetikoak egiten badira, aurrezkia %40koa izango litzateke etxe horietan. Horrekin batera, muturreko klima gertakizunek ekarritako galera ekonomikoak %15 eta %25 bitarte gutxituko lirateke, urtero 6 eta 12 milioi euro aurreztea ekarri dezakeena. Hori guztia posible izateko, denera, ezarritako epean, inbertsioa 5.500 eta 7.000 milioi eurokoa izan beharko litzateke, errekurtso publiko, Europako funts eta inbertsio pribatuen artean.