
Etxebizitza eskuratzeko arazoari aurre egiteko, etxebizitza parke publikoa handitzea beharrezkoa dela ohartarazi du gaur LABek, baita alokairu soziala sustatzea eta Euskal Autonomia Erkidego osoa tentsio eremu izendatzea ere. Sindikatuak agerraldia egin du Eusko Legebiltzarrean, EAJk eta PSE-EEk bultzatutako etxebizitza, lurzoru eta hirigintza arloko premiazko neurrien lege proposamenari ekarpenak egiteko.
Sindikatuak adierazi duenez, EAJk eta PSEk aurkeztutako proposamenak "prezioak igoarazi eta etxebizitza eskuratzea zailduko du". Hala, etxebizitzaren merkatuaren garestitzea "etengabe" gelditzeko neurriak eskatu ditu.
Endika Perez LABeko Gizarte Ekintzako arduradunak adierazi du sindikatua ados egon daitekeela “neurri batean" EAJ eta PSE ekimen hori erregistratzera eraman zituen diagnostikoarekin, baina ez dator bat lege-proposamenean jasotako neurrien "norabidearekin". Horrela, “bi alderdiek merkatu pribatua elikatzeko politikak eta eraikuntza sektoreko enpresei begirako neurriak planteatzea nahiago izan dute, arazoari errotik erantzun baino", deitoratu du.
Perezek eskaintza faltari buruzko "diskurtso faltsua" salatu du. Ildo horretan, azken hamarkadetan "etxe gehiago eraikitzeak prezioak jaistea eragiten ez duela" egiaztatu dela adierazi du. Perezen arabera, "gero eta gehiago dira funts putreek, higiezinen patronalek eta errentariek etxebizitzarekin negozioa egiteko erabiltzen dituzten formulak", eta hori "onartezina" da.