
2025eko apirileko etxebizitzen prezioei buruzko datuak argitaratu ditu Fotocasak. Datuek berresten dute iaz baino garestiagoak direla etxebizitzak Hego Euskal Herrian. Izan ere, aurreko urtean baino %8,9 eta %2,0 gehiago balio dute etxebizitzek, hurrenez hurren, EAEn eta Nafarroan. Martxoko prezioen aldean, hurrenkera bera jarraituta, zenbatekoak %0,5 eta %0,7 handitu dira apirilean.
Erosteko etxebizitzei dagokienez, metro karratuko batez beste 3.891 euro ordaintzen dira Gipuzkoan, 3.296 euro Bizkaian, 2.750 euro Araban eta 2.071 euro Nafarroan. Datu horien arabera, ondorengo prezioa ordaindu behar da, batez beste, 80 metro karratuko etxebizitza erosteko: 311.280 euro Gipuzkoan, 263.680 euro Bizkaian, 220.000 euro Araban eta 165.680 euro Nafarroan.
Hiriburuei dagokienez, Donostia da garestiena, metro karratuko ordaindu beharrekoa 6.789 eurora igotzen baita (Madrilen 5.936 euro eta Bartzelonan 5.007 euro ordaintzen dira). Bilbon ia erdia ordaintzen da batez beste, 3.810 euro metro karratuko, baita Iruñean ere (3.169 euro).