Etxegabetasunari aurre egiteko neurriak hartu nahi ditu Nafarroako Gobernuak

Iruñerriko hainbat udalerrietako alkateekin bildu da, etxegabetasun egoeran dauden pertsonen hazkundearen aurrean “erantzun betaratu bat” emateko asmoz

Argazkia: Nafarroako Gobernua Argazkia: Nafarroako Gobernua

Nafarroako Gobernua 10.000 biztanletik gorako Iruñerriko udalerrietako alkateekin bildu zen atzo, udalerri hauetako etxegabetasun egoeran dauden pertsonei soluzio bat emateko asmoz. Begoña Alfaro gobernuko hirugarren presidenteordea eta Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilaria eta Carmen Maeztu Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilaria elkartu ziren udalerri hauetako alkateekin.

Etxegabetasun egoeran dauden pertsonen hazkundeaz jabetuta, “erantzukizun partekatua” dutela adierazi zuten parte hartzaileek, eta “administrazio bakoitzaren eskumenen koordinazioaren esparruan erantzun koordinatua diseinatzeko” ideia mahaigaineratu zuten.

Hala, Nafarroako Gobernuak etxegabetzearen fenomenoari aurre egin nahi dio, eta Nafarroan ez ezik, Europa osoan ugaltzen ari den egoera dela nabarmendu du. Hala, prebentzioa oinarri duen estrategia garatu nahi du gobernuak, eta etxebizitzarako irisgarritasuna erraztu behar dela. Era berean, aterpetxeen eredu tradizionalaren aurrean, beste alternatiba batzuk bilatzea beharrezkoa dela azpimarratu dute, Housing First eredua, esaterako.

Maeztuk adierazi duenez, “errealitate honi aurre egiteko ekintza zuzen eta koordinatu bat beharrezkoa da, administrazio publikoen artean, baina baita tokiko erakunde eta hirugarren sektorearekin ere”.

Bileran izan ziren, besteak beste, Cristina Ibarrola Iruñeko alkatea, eta Burlata, Barañain, Berriozar,  Zizur Nagusia, Antsoain edota Atarrabiako udaletako ordezkariak.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK