• EKONOMIA
  • Etxeko egongela akademia bilakatu zenekoa

Etxeko egongela akademia bilakatu zenekoa

Legazpin eta Zumarragan kokatutako You hizkuntza akademiak 40 urte bete ditu, belaunaldi errelebo bete-betean

Margarita eta Beatriz Bueno ahizpek sortu zuten You. Irene Perez de Arenazak (Beatrizen alaba) hartu du orain lekukoa | Argazkia: utzita
Margarita eta Beatriz Bueno ahizpek sortu zuten You. Irene Perez de Arenazak (Beatrizen alaba) hartu du orain lekukoa | Argazkia: utzita
image0(1)
Kazetaria
2025eko azaroaren 4a - 05:30

Duela lau hamarkada baino gehiago, oraindik ingelesa ikastea lehentasun hedatua ez zenean, bi ahizpek urrats ausart bat ematea erabaki zuten: familiaren etxeko egongelan hizkuntza akademia txiki bat irekitzea. Apustu hura aitzindaria izan zen Urola Garaian (Gipuzkoa). Egun Ezkio-Itsaso, Legazpi, Urretxu eta Zumarraga udalerriek osatzen duten eskualdeko lehen ingeles-akademia bihurtu zen. Esfortzuan, gertutasunean eta epe luzeko ikuspegian oinarritutako enpresa-historiaren hasiera izan zen.

 

Aurten, Margarita eta Beatriz Bueno ahizpek hazten ikusi duten negozioaren 40. urteurrena ospatu dute. You Hizkuntzak akademia, nerabeak zirenetik, baten erretirora arte izan dute bidelagun. Orain, Beatriz Buenoren alabak, Irene Perez de Arenazak hartu du lekukoa, eta berak emango dio jarraipena bizi proiektu honi.

Bokaziotik jaiotako negozioa

“Gure aitaren negozioaren zati handi bat esportazioen mende zegoen eta dokumentu guztiak itzultzeko norbaiten beharra zuen. Beraz, alaba zaharrenak ingelesa ikas zezan ahalegindu zen”, gogoratu du Margaritak. 15 urte zituela, Ingalaterran uda pasatzetik itzuli zen, ikasitakoa ez ahaztearekin “obsesionatuta”. Lehen ikasleak bere anai-arrebak eta berarengan konfiantza izan zuten bizilagunak izan ziren.

 

Goizetan aitaren enpresan egiten zuen lan eta eguerdian etxera iritsi bezain pronto errefortzu klaseak ematen zituen. Ahizpa, artean institutuan zegoena, berehala hasi zitzaion laguntzen.

Lehen urteetan, akademiak baliabide apalekin funtzionatzen zuen, baina ikuspegi argi batekin: irakaskuntza hurbila, kalitatezkoa eta inguruko beharretara egokitua. Ikasle talde txiki batentzako tokiko jarduera gisa hasi zena azkar hazi zen ahoz-ahokoari eta komunitatearekin konektatzen jakin zuen hezkuntza-proposamen bati esker.

Margarita Bueno: “Gure aitaren negozioaren zati handi bat esportazioen mende zegoen eta dokumentu guztiak itzultzeko norbaiten beharra zuen. Beraz, alaba zaharrenak ingelesa ikas zezan ahalegindu zen”

Eskaria gero eta handiagoa zela ikusita, sortzaileak lokal berri batera lekualdatu eta egitura sendoago bati forma ematea erabaki zuten. Hasiera batean hiru irakasle ziren. Biek gogoratzen dute jendetza izugarria iritsi zela. Ordu asko sartzen zituzten geroz eta ikasle gehiago zituztelako. Lau urte beranduago, Legazpin (Gipuzkoa) akademia irekitzea erabaki zuten, ikasle dezente bertakoak baitziren.

2025 honetan akademiaren 40. urteurrena ospatzen ari diren arren, benetan 50 urte daramate ingelesa irakasten. "50 urte daramatzagu to be... and much more irakasten", txantxetan dio Beatrizek.

IMG 2615
Orain dela 40 urte sortu zen akademia | Argazkia: utzita

Ekin atzo eta gaur: bi testuinguru ezberdin

Duela 40 urte ekitea eta orain ekitea ez dira gauza bera. Garai hartan, ez zegoen hainbeste baliabide, laguntza instituzional eta tresna digitalik. Negozio bat irekitzeak komunitate hurbilenarengan konfiantza izatea esan nahi zuen, eta bitarteko gutxirekin baina ausardia handiz aurrera egitea.

Beatrizen hitzetan, "iritsi zen momentu bat non akademia irekitzera behartuak izan ginen, espazio gehiago eta baliabide hobeak behar genituelako”. “Ekitea errazagoa zen orduan, imajinatu, lehiarik ez zegoen eta eremu bat zabalik genuen", gehitu du bere ahizpak.

Beatriz Bueno: "Iritsi zen momentu bat non akademia irekitzera behartuak izan ginen, espazio gehiago eta baliabide hobeak behar genituelako”

Gaur egun, testuingurua aldatu egin da: lehia handiagoa dago, eskakizun teknologiko handiagoa eta ingurune arautuagoa. Aukerak zabalagoak dira, baita epe luzerako proiektu bati eusteko eskakizunak ere.

Biak bat datoz gaur egun ekitearen konplexutasunean: “Ikaragarria da jendeak eskatzen dizun informazio gainkarga eta exijentzia maila”. Ekintzaile izatea ausartentzat dela diote.

2F42C543 CD79 420E 9E4C 9348FF7D2193 c1d4b56b 9056 4878 80ff 764d5db9dc8d
Ingelesa eta frantsea irakasten dute Youren zentroetan | Argazkia: utzita

Belaunaldi aldaketa eta etorkizuneko ikuspegia

2025aren hasieran errelebo garrantzitsua gertatu zen: Margarita, sortzailea, erretiratu egin zen, lekukoa belaunaldi berriari emanez. Akademiaren egungo arduraduna Beatrizen alaba da —Margaritaren iloba—, hezkuntza ingurune horretan hazi den emakumea, eta negozioa barrutik ezagutzen duena.

Aldaketa horrek ez du hausturarik ekarri, jarraipen naturala baizik. “Ez dut inoiz zalantzarik izan berak interesa zuelako, gainera ingeles filologia ikasketak ezin hobeak ziren, baina egia da niretzat nire haurtxoarekin apurtzea bezala izan dela. Pozik nago negozioa familian eta hain esku onetan gelditu delako, baina horretara ohitzea zaila izan da. Orain errekuperatzen hasita nago”, aitortu du Margaritak.

Bere ahizparentzat ere zaila izan da, nahiz eta negozioa alabaren esku geratu: “Ni tartean nagoenez, ez naiz erabakiak hartu behar ez izatera ohitzen. Urte asko dira kontaezinezko bizipenak konpartitzen eta hori atzean uztea kosta egiten da”.

Irene Perez de Arenaza: “Ni irakasle moduan aritu naiz hemen, gaur dudan ardura hori izan gabe. Bi aldeetatik ikusi dut negozioa eta konturatu naiz zein nolako lan zama den"

Zuzendaritza berriak esperientzia eta begirada fresko eta estrategikoa uztartzen ditu: prozesuak modernizatzea, hezkuntza-eskaintza indartzea eta bere arrakastaren oinarria beti izan den hurbiltasunari eustea.

Urteetan, ama, izeba eta iloba elkarrekin aritu dira lanean, eguneroko kudeaketa ez ezik, negozioaren etorkizuneko ikuspegia ere partekatuz. “Ni irakasle moduan aritu naiz hemen, gaur dudan ardura hori izan gabe. Bi aldeetatik ikusi dut negozioa eta konturatu naiz zein nolako lan zama den; orain, gertatzen dena gertatzen dela, erantzun egin behar dut,” dio Irenek. “Dagoeneko martxan zegoen zerbait hartzeko zortea izan dut, ez dut zerotik hasi behar izan. Niretzat erronka negozioa mantentzea eta maila altua mantentzea da,” aitortu du.

Ibilbide luze bat duen enpresa izan arren, hirurak bat datoz tramite burokratiko guztiak aspergarriak eta nahasgarriak izan daitezkeenaren ideiarekin. Horrelako trantsizioak —familia-enpresetan hain ohikoak— konpainia baten bizitzako unerik zailenetako bat izan ohi dira. Kasu honetan, komunikazio ona eta elkarrekiko konfiantza funtsezkoak izan dira zuzendaritza berriak lidergoa naturaltasunez har zezan.

52E61511 399E 4222 8611 F738A5C6E575 8c6b4a4b 70ba 4d23 9c92 6d6cb6bad69c
You akademiaren harrera | Argazkia: utzita

Berrogei urte geroago: legatu bizia

Akademiaren ibilbideak lotura estua du bere familia izaerarekin. Bi ahizpak hamarkada luzez aritu ziren elkarren ondoan lanean, profesionaltasuna eta goxotasuna beti eskutik joan diren proiektua sendotuz. Negozioa ulertzeko modu horri esker, familia osoak fidelizatu ahal izan dituzte, belaunaldiz belaunaldi pasatu baitira haien ikasgeletatik. Bere ikasle ohi askok seme-alabak eramaten dituzte gaur egun, urteetan zehar eraikitzen jakin duten konfiantza eta loturaren isla.

“Argi dago irakaskuntza-metodoak funtzionatzen duela, baina gustatuko litzaidake pixkanaka aldaketa txikiak egitea eta nire prestakuntza-urteetan ikasitakoa integratzea,” esan du Perez de Arenazak.

Legazpin eta Zumarragan zentro bana du egun Youk

Urola Garaiko hizkuntzen irakaskuntzan erreferente gisa finkatu da zentroa, ez bakarrik bere ibilbideagatik, baita nortasunik galdu gabe moldatzeko duen gaitasunagatik ere. Akademiak 40 urte bete ditu ditu proiektu egonkor eta fidagarria eraiki izanaren pozarekin. Bi zentro ditu: bat Legazpin eta bestea Zumarragan.

Hirurek komunikazio onaren eta “elkarrekin arraun egitearen” garrantzia nabarmendu dute. Gazteak asko baloratzen du esperientziaren ahotsa, eta beteranoenek konfiantza handia dute ikuspegi berri batek ekar ditzakeen ideia eta ekarpen berrietan.

Bere historia, halaber, familia enpresa txiki askorena da, ikusmenez, konstantziaz eta errotzez hazten eta irauten jakin dutenena. Eta, batez ere, belaunaldiz belaunaldi balioak transmititzen jakin duen konpainia baten historia da, esperientzia eta berrikuntza uztartuz, irakasten —eta ikasten— jarraitzeko.