Iran eta AEBren arteko gatazkak ez du etenik eta energiaren prezioak gora egiten jarraitzen du. Eurostatek emandako azken datuen arabera, euroguneko inflazioak lau hamarren egin du gora uztailetik abuztura, eta %3,3an kokatu da, batik bat energiaren garestitzeagatik, %10,3tik %14,3raino garestitu baita.
Azken hiru urteetako inflazio tasarik altuena du gaur-gaurkoz euroguneak, eta errealitate horrek agerian utzi du EBZk interes tasak igoko dituela irailaren 10ean egingo duen bileran. Urteko bigarren tasa igoera litzateke, maiatzekoaren ostean, 25 puntukoa, merkatuko analisten arabera. Hots, %2,5eraino igoko lituzkete interes tasak.
Energiaren ondoren, zeinak lehen postua nabarmena duen gehien garestitu diren osagaien artean, zerbitzuek urte arteko igoerarik altuena izan zuten abuztuan, %3koa. Hala ere, tasak behera egin zuen uztailarekin alderatuta, % 3,3koa izan baitzen orduan. Ondoren, industria-ondasun ez-energetikoak (%1,2 abuztuan, %0,9 uztailean) eta elikagaiak, alkohola eta tabakoa (%1,2) garestitu dira gehien.
Azken hilabeteetako bilakaera ikusita, hortaz, aurreikusten da EBZk beste igoeraren bat ere egitea urtea amaitu aurretik. Gainera, AEB eta Iranen arteko gatazkak ez du epe laburrean amaitzeko itxurarik. Europako finantza erakundeak inflazioa %2an mantentzea du helburu, baina bi potentzien arteko gerra lehertu zenetik nahiko lan izan du ehuneko hori egonkor mantentzen. Gauzak horrela, AEBetako Erreserba Federalak (FED) eta Ingalaterra eta Japoniako bankuek ere tasak igoko dituztela uste dute merkatuko adituek.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta