Euroguneko inflazioa %7ra igo da apirilean

Azpiko inflazioa %5,6ra jaitsi da, eta igoera orokorrak izan dira herrialde nagusietan

Alemaniaren atzeraldi teknikoak eragina izan dezake eurogunean | Argazkia: iStock Alemaniaren atzeraldi teknikoak eragina izan dezake eurogunean | Argazkia: iStock

Euroguneko inflazioa hamarren bat igo da apirilean, urte arteko %7ra, Eurostat Europako estatistika erakundeak jakinarazitako datuen arabera. Azken igoera honek amaiera eman dio lau hilabeteko jaitsierari. Eurostatek baieztatu egin ditu hala maiatzaren hasieran aurreratu zituen datuak eta elikagaien prezio igoera etengabea.

Azpiko inflazioa, energiaren eta elikagai freskoen prezioak kontuan hartzen ez dituena, %5,7tik %5,6ra apaldu da, hamar hilabetez igotzen aritu ostean.

Sektoreka banatuta, elikagai prozesatuak, alkohola eta tabakoa igo dira gehien, %14,7, aurreko hilean baino puntu bat gutxiago. Prozesatu gabeko elikagaiak, aldiz, %10 igo dira, ia bost puntu gutxiago. Energia, %2,5 garestitu da berriro ere, martxoan merkatu egin bazen ere. Zerbitzuak, berriz, %5,2 igo dira, aurreko hilean baino hamarren bat gehiago.

Inflaziorik handiena Hungarian dago, %24,5ekoa. Letoniak jarraitzen dio %15eko tasarekin, Txekiar Errepublikan %14,3koa da tasa; eta Polonian eta Eslovakian %14ko inflazio tasa dute. Lituanian eta Estonian %13,3koa eta %13,2koa da zenbateko hori. Ondorioz, batez beste Baltikoko herrialdeetan dago oraindik inflaziorik handiena.

Bestalde, euroguneko herrialde nagusien artean, inflazioa bi hamarren jaitsi da Alemanian (%7,6ra), Espainian zazpi hamarren igo da (%3,8ra), Italian beste hainbeste egin du gora (%8,7ra) eta Frantzian bi hamarren (%6,9ra).

Inflaziorik baxuenak Luxenburgok (%2,7) eta Belgikak (%3,3) dituzte, martxoan baino ia bi puntu gutxiago.

Martxoko datuekin alderatuz gero, urteko inflazioa 22 estatu kidetan jaitsi da eta beste bostetan handitu.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK