
Gaur sartzen dira indarrean Trump administrazioak Europatik AEBra esportatzen diren altzairu eta aluminioari jarritako %25eko muga zergak. Neurria "bidegabetzat jo" eta "biziki deitoratu" du Europako Batzordeak, halako muga zergek ekonomia mindu besterik ez baitute egiten "ezjakintasun geopolitiko eta ekonomikoen testuinguruan". Baina erabaki du ez dela zain geratuko, eta gau lehen orduan jakinarazi du ohar bitartez zein izango den erantzuna.
Batetik, 2018ko eta 2020ko krisi komertzialetan kalteei erantzun asmoz ezarritako muga-zergak berreskuratuko ditu Europak, eta apirilaren 1etik aurrera berriro sartuko dira indarrean.
Bestetik, AEBtik inportatzen diren zenbait produktuen gaineko bestelako kontraneurri sorta iragarri du Von der Leyenek, elikagaiei ez ezik, Bourbon edota Harley-Davidsonen gisako markei eragingo liekeena. Estatuek eta "parte interesatuek" oniritzia eman beharko diote lehenik, baina ondo bidean, apirilaren erdialdetik aurrera aplikatuko lirateke. Bi neurrien arteko balio ekonomikoa 26.000 milioi euroan kokatu du Europako Batzordeak, AEBk ezarri nahi dituen muga zergak parekatzeko —28.000 milioi dolarretaraino irits baitaitezke—.
Von der Leyenek adierazi du neurriok edozein momentutan "baliogabetu" daitezkeela. Are gehiago, ezer baino lehen zenbait pauso eman beharko ditu Europako Batzordeak indarrean jar daitezen, eta horrek bidea zabaltzen du lehenago AEBrekin akordioren bat lortzeari. Momentuz, ordea, Europak ez du ikusten Trump inolako "irtenbiderik" negoziatzeko prest.