• EKONOMIA
  • Europako funtsek 4.438 milioi euroko inpaktua izan dute EAEn

Europako funtsek 4.438 milioi euroko inpaktua izan dute EAEn

Jaurlaritzak azaldu duenez, funtsen %84 egikaritu da

Mikel Torres Ekonomia sailburua | Argazkia: Irekia
Mikel Torres Ekonomia sailburua | Argazkia: Irekia
2026eko otsailaren 9a - 14:57

2025eko Euskadiko Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismoaren (MRR) funts europarrek inpaktu zuzena izan dute EAEn, hamarkadako inbertsio publiko eta pribatuko “motor handienetako bat” bilakatu baitira. Hala adierazi du Jaurlaritzak gaur egindako balantzean, zehaztu baitu guztira 4.438 milioi euroko inpaktua izan dutela funtsek. MRR funtsek ekonomia suspertzea, enpresa txiki eta ertainak babestea eta ekonomia eraldatzea dute helburu, digitalizazioa eta trantsizio ekologikoa bultzatuta.

 

Arestian aipatutako zenbatekoek esan nahi dute, 2024. urtearekin alderatuta, 1.000 milioi euro gehiago mobilizatu dituela MRR mekanismoak. Diru hori guztia 29.000 onuradun baino gehiagok jaso dute, gehiengoak (26.000 inguru) ETEak izanik. Mikel Torres Lehendakariorde eta Ekonomia sailburuak eman du zenbatekoen berri, Iñaki Ruiz Ekonomia sailburuordearekin batera, eta nabarmendu dute lurraldeak funtsak egikaritzeko izan duen konpromisoa: EAEn funtsen %95 esleitu eta %84 egikaritu dira (1.000 milioi euro baino gehiago), “indarrean dauden tresna juridikoen hazkundeari eta martxan dauden proiektuen heldutasunari esker”.

Funts gehien jaso dituzten onuradunak zein izan diren ere ezagutarazi du Jaurlaritzak: Iberdrola Clientes-ena da lehenengo postua, Mercedes-Benz eta Irizar konpainiek jarraituta.

 

Era berean, Torresek balioan jarri du aldundietara, udaletara eta bestelako erakunde publikoetara bideratutako dirua: 313 milioi euroak osorik transferitu dira. “Horrek aukera eman du mugikortasun iraunkorrean, trantsizio energetikoan, hiri birgaitzean, digitalizazioan eta gizarte politiketan funtsezkoak diren proiektuetan aurrera egiteko”, azaldu du Jaurlaritzak. “Funtsak iritsi behar diren lekuetara garaiz iristen dira, eta hori funtsezkoa da, euro bakoitzak gure zerbitzu publikoak modernizatzen eta herritarren bizi kalitatea hobetzen lagunduko duela bermatzeko”, gaineratu du sailburuak.

Azkenik, MRR mekanismoaren azken fasean daudela gogorarazi du, eta azken proiektuak ixteko eta justifikatzeko garaia dela berretsi du, “lehentasuna” hori baita. “Gure helburua da eskuragarri dagoen azken euroraino gauzatzea eta kaudimen osoz justifikatzea, inbertsio bakoitzak EAEn arrasto positiboa, iraunkorra eta eraldatzailea uzten duela bermatuz”, azpimarratu du.