Bruselak Europako enpresei lehentasuna emateko arauak indartu nahi ditu, kontratazio publikoak egitean prezioa ez ezik beste irizpide batzuk ere kontuan hartzeko. Neurriaren oinarrian, besteak beste, Europako industriak nazioarteko lehiakide gero eta indartsuagoei aurre egiteko duen zailtasuna dago.
Kontratazio publiko bat administrazio batek enpresa bati obra bat egiteko, produktu bat hornitzeko edo zerbitzu bat emateko egiten dion kontratazioa da, diru publikoaren truke. Horrelako lehiaketetan, enpresek beren eskaintzak aurkezten dituzte, eta orain arte, eskaintzen prezioek pisu handia izan dute erabakiak hartzerakoan. Bruselak, ordea, sistema hori aldatzeko proposamena egin du: eskaintza merkeena ez dadila izan kontratua eskuratzeko irizpide nagusi edo bakarra.
Proposamen berriak planteatzen duena da kontratazio publikoetan kalitateari eta prezioaz bestelako irizpideei gutxienez %30eko pisua ematea . Irizpide horien artean egon daitezke ingurumen- eta gizarte-irizpideak, berrikuntza, segurtasuna edo horniduren erresilientzia; baita Europako enpresei emandako lehentasuna ere.
Horrez gain, Bruselak arau-esparru bat ezarri nahi du “Europako lehentasuna” nola aplikatu zehazteko. Izan ere, Europar Batasunak beste herrialde batzuekin akordioak ditu kontratazio publikoen merkatuetan elkarri sarbidea emateko. Akordio horiek dituzten herrialdeetako enpresak —Erresuma Batukoek, Suitzakoek edota AEBkoek, esaterako— ezingo lirateke eskaintzetatik baztertu irizpide hori aplikatze hutsagatik. Aldiz, EBk horrelako akordiorik ez duen herrialde bateko enpresen eskaintzak baztertu ahal izango lituzkete, Txinakoenak, kasu.
Neurriak eragin berezia izan dezake, hain zuzen ere, Txinako enpresetan. Izan ere, bertako enpresek gaitasuna dute Europako merkatuan prezio oso lehiakorrak eskaintzeko zenbait sektoretan, beste faktore askorekin batera, ekoizpen-kostu txikiagoak izateari esker. Bestalde, neurriaren atzean dagoen argudioetako bat da Europako enpresek ez dutela Txinan Txinako konpainiek Europan duten sarbide bera kontratazio publikoetara. Bruselaren arabera, horrek desoreka sortzen du bi aldeetako enpresen arteko lehian
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta