2025eko apirilean itzalaldia izan zenetik, asko hitz egin da sare elektrikoaren segurtasunaren eta berrikuntzaren beharraz. Hori bakarrik ez eta, energia eraginkortasunak eta energia garbien beharrak ere gero eta indar handiagoa du Europan. Gaur bertan onartu den European Grids Package izeneko neurri sortak helburu horiek guztiak ditu oinarri.
Hala, Bruselak jakinarazi du 1,2 bilioi euro mobilizatzea aurreikusten duela 2040. urtera bitartean, hain zuzen ere, elektrifikazioa bultzatzeko, energia berriztagarriak sustatzeko, energia fosilekiko mendekotasuna murrizteko eta segurtasun energetikoa indartzeko. Diru horren gehiengoa, banaketa sareetara (730.000 milioi euro) eta transmisio sareetara (477.000 milioi euro) bideratuko da. Horrez gain, 240.000 milioi euro hidrogeno berdearen azpiegituretara (eskala handiko elektrolizagailuetara, hidrogenoa garraiatzen duten hodietara…) bideratzea ere aurreikusi du Batzordeak, hidrogeno berdea funtsezkotzat jotzen baitu deskarbonizazio industrialerako eta energia-sistemen malgutasunerako.
Jakinarazi dutenez, hobekuntza horiek eta inbertsio hori egin gabe, Europako energia berriztagarrien 310 TWko gaitasuna galduko luke urtero 2040. urtera bitartean. Gainera, energia sarea zahartzeaz gain, herrialdeen arteko interkonexioak eskasagoak izango lirateke, eta energia berriztagarriko instalazioetarako baimenak eskuratzeak are denbora gehiago eskatuko luke.
Ildo horretatik, neurrien pakete berriarekin bi urtetara jaitsi nahi da baimen horiek eskuratzeko gehieneko epea, gaur egun 4-10 urte bitartekoa dena. Bestalde, energia berriztagarrien gainean gizartea sentsibilizatzea ezinbestekotzat jo du Europak, baita Iberiar Penintsulako, Irlandako eta Zipreko energia-isolamenduarekin amaitzea ere, herrialdeen arteko korridoreen konexio koordinatuan fokua jarrita. Hala, proposamenak hamar urteko epemuga ematen die sektoreko proiektu handi guztiei, hamarkada igarotakoan Europako etorkizuneko energia-sarea prest izan dadin aipatutako erronkei aurre egiteko.