Europako Batzordeak 200 milioi euroko isuna jarri dio Temuri, bere plataforman “legez kanpoko eta arrisku handiko produktuak” saltzeagatik. Merkataritza elektronikoan diharduen multinazional txinatarra da Temu, eta Bruselaren arabera, ez ditu bere salmenten “arrisku sistemikoak” behar bezala “identifikatu, aztertu eta ebaluatu”.
Hori dela eta, kontsumitzaile europarrak babesgabe utzi dituela ondorioztatu du Europako Batzordeak, eta isuna jartzeaz gain, abuztuaren 28rainoko epemuga jarri dio lege urraketa konponduko duen “ekintza plana” aurkez dezan.
Zerbitzu digitalen araudia (DSA, ingelesez) urratzen duen bigarren plataforma erraldoia da Temu, lehenago X sare sozialari ere 120 milioi euroko isuna jarri baitzitzaion. Halaber, Bruselak begiz jota ditu Txinako merkataritza plataforma hauek, eta otsailean Sheinen aurkako ikerketa ere abiatu zuen.
Temuren aurkako espedientea 2024ko urrian zabaldu zen, eta orain marka txinatarrak hiru hilabete izango ditu isuna ordaintzeko. Hori bai, erabakia “neurrigabetzat” jo du, eta adierazi du azken hilabeteetan neurriak hartu dituela erabiltzaileen babesa handitzeko.
Temuk lege urraketa konpontzeko ekintza plana aurkeztu ostean, Europako Batzordeak hilabete izango du hura ebaluatzeko.