Europako Banku Zentralak 50 puntuan igo ditu interes-tasak

% 3,5ean kokatu dira tasak igoerarekin. Lagardek Europako banku sistema "erresilientea" dela nabarmendu du

Europako Banku Zentrala | Argazkia: iStock Europako Banku Zentrala | Argazkia: iStock

SVBen porrotaren eta Credit Suissen krisiaren ostean, zalantza zegoen Europako Banku Zentralak orain arteko interes-tasen igoerari eutsiko zion, edo atzera egingo zuen. Azkenean, baina, azkeneko hilabeteko politikari jarraiki, 50 puntuan igo ditu tasak, %3,5eraino. "Ezjakintasun maila handiak indartu egiten du datuetan oinarritutako gerturaketa egitea", nabarmendu du Cristine Lagarde EBZko buruak. Horrekin batera, Europako bankuen "erresilientzia" azpimarratu du, eta ohartarazi du EBZk badituela "erabiltzeko tresnak" behar izatekotan.

Horrekin batera, aurreikuspen makroekonomikoak iragarri ditu EBZk. Datuok martxo hasieran bukatutakoak direla azpimarratu du Lagardek, "finantza merkatuaren tentsioen aurretik". Edozein kasutan tentsio horiek hazkundeari eta inflazioari loturiko ziurgabetasun egoera "areagotu" besterik ez duela egiten adierazi du. EBZk eginiko azterketen arabera, abenduan esperotakoa baino gehiago haziko da Euroguneko ekonomia 2023an, %1, zehazki. 2024 eta 2025erako, aldiz, %1,6ra jaitsi du hazkunde-aurreikuspena.

Inflazioari dagokionez, Euroguneko batez besteko inflazioa % 5,3koa izango dela aurreikusi du erakundeak, % 2,9koa 2024an, eta %2,1ekoa 2025ean. Azpiko inflazioan, berriz, %4,6ra igo du 2023ko aurreikuspena, 2024an %2,5era eta 2025ean %2,2ra jaitsi litekeen bitartean. 

Euriborra behera berriz

SVBen porrota lehenik, eta Crédit Suissen krisialdiak ondoren, eguneko Euriborraren gora behera ugari eragin ditu azken egunotan. Asteartean oinarrizko 30 puntu behera egin ostean, atzo 15 puntu egin zuen gora. Gaur berriro ere jaitsi egin da, beste 30 puntu. Hiru eguneko gorabehera horiek batez ere enpresetan izan dezakete eragina, hipoteka aldakorretarako hileko batez besteko euriborra hartzen baita erreferentzia, eta hori ez da apenas aldatu —asteartean %3,8koa bazen, %3,78koa da une honetan—. EBZren erabakia ikusita, eta merkatuen bestelako ezustekorik ez bada, litekeena da euriborrak berriro ere goranzko bideari heltzea.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK