• EKONOMIA
  • Europako MRR funtsen inpaktua 4.000 milioitik gorakoa izan dela dio Jaurlaritzak

Europako MRR funtsen inpaktua 4.000 milioitik gorakoa izan dela dio Jaurlaritzak

27.379 onuradun izan dituzte funtsek, eta horietatik 25.000 baino gehiago enpresa txiki eta ertainak izan dira

Mikel Torres Jaurlaritzako lehendakariordea Argazkia: Eusko Jaurlaritza
Mikel Torres Jaurlaritzako lehendakariordea Argazkia: Eusko Jaurlaritza
2025eko urriaren 20a - 14:54

Europatik jasotako funtsen inpaktua 4.025 milioi eurokoa izan da, Eusko Jaurlaritzaren arabera. Mikel Torres Lehendakariordea eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburua Eusko Legebiltzarrean izan da gaur, eta adierazi du MRR funtsetatik 1.299 milioi euro zuzenean kudeatu dituela Eusko Jaurlaritzak.

 

“MRR funtsen ebazpen tasa Euskadin %77,7koa da, eta Estatuan, berriz, %68,9koa. Gauzatze maila horrek gure konpromisoa islatzen du kudeaketa zorrotzarekin, gardenarekin eta emaitzetara bideratuarekin”, adierazi du Torresek.

Torresek, Iñaki Ruiz Manzano Ekonomia sailburuordearekin batera, Euskadiko Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren (PRTR) funtsen egikaritze mailari eta inpaktuari buruzko txostena aurkeztu du. “Euskal Ogasunean sartutako funtsen %95 indarrean dauden edo amaituta dauden proiektuetarako daude esleituta, eta horrek konprometitutako lerroen esleipen ia osoa islatzen du”, azpimarratu du Torresek.

 

27.379 onuradun izan ditu MRR funtsak, horietatik 25.000 baino gehiago enpresa txiki eta ertainak. Lurraldeka, 843 milioi Arabako onuradunentzat izan dira (guztizkoaren %22), ia 1.490 milioi bizkaitarrentzat (% 38) eta 1.076 milioi gipuzkoarrentzat (%27).

Era berean, Eusko Jaurlaritzak 322 milioi euro transferitu dizkie aldundiei, udalei eta euskal sektore publikoko erakundeei, tokiko eta sektoreko proiektuak gauzatzeko.