Euskadik 1.472 milioi euroko kupoa ordainduko dio Espainiako Gobernuari

Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoak 2022-2027 bosturtekorako kupoa onartu du Madrilen. Erkidegoko ogasunek ingurumena kudeatzeko bi zerga berri biltzea ere adostu dute

Rementeria, Garamendi, Azpiazu, Gonzalez eta Olano, Madrilen | Argazkia: Irekia Rementeria, Garamendi, Azpiazu, Gonzalez eta Olano, Madrilen | Argazkia: Irekia

Datozen bost urtetan Euskal Autonomia Erkidegoak Espainiako Gobernuari ordaindu beharreko kupoaren zenbatekoa zehaztu dute Madrilen goizean. 1472 milioi eurokoa izango da urteko behin-behineko kupoa, 2021ekoaren “oso antzekoa”, zehaztu dute Jaurlaritzak eta hiru foru aldundiek, 2021ean 1.403 milioikoa izan baitzen. Egozte-indizea, berriz, %6,24an mantenduko da.

Espainiak Euskal Autonomia Erkidegoari emandako zerbitzu batzuengatik jasotzen duen ekarpenari deitzen zaio kupoa, hala nola, armada, monarkia, edota azpiegitura batzuen kudeaketagatik.

Zerga berriak

Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoak beste bi zerga utzi ditu aldundien esku: alde batetik, berrerabili ezin diren plastikozko ontzien gaineko zerga berezia, eta bestetik, hondakinak zabortegietan uztearen eta erraustearen gainekoa. Era berean, berotegi-efektuko gasak isurtzen dituzten enpresek ordaindutako zergan egindako aldaketak ere sartuko dira Kontzertu Ekonomikoan.  

Oraingoz akordioen artean sartu ez diren zergen artean daude energia konpainien gainekoa eta bankuen gainekoa. Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuak jakitera eman duenez, Pedro Sanchezen Gobernuarekin harremanetan daude, bi zerga berri horiek aurrerago zehazteko.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK