• EKONOMIA
  • Euskadiko 30 baserrik euren ateak zabalduko dituzte ONGI ETORRI BASERRIRA! ekimenaren VII. edizioan

Euskadiko 30 baserrik euren ateak zabalduko dituzte ONGI ETORRI BASERRIRA! ekimenaren VII. edizioan

Bisitariek aukera anitza izango dute eskura, betiko baserria bisitatzetik egurrez egindako bizikletak nola egiten diren ikusteraino

Argazkia: Ongi etorri baserrira
Argazkia: Ongi etorri baserrira
2022ko ekainaren 27a - 14:11

Pandemiaren ondorioz bi urtetako etenaldiaren ostean, ONGI ETORRI BASERRIRA! ekimenaren zazpigarren edizioa ospatuko da uztailaren 8 eta 9an. Gipuzkoa eta Bizkaiko 30 baserritarrek euren baserrietako ateak zabalduko dituzte beren ukuiluak, baratzak eta belardiak ezagutzera emateko. Antolatzaileen ustetan, ekimena “beharrezkoa” da landa eremuari “balioa emateko”, barnealdeko “turismoa sustatzeko” eta “gastronomia goraipatzeko”.

 

Baserri mundua eta hiriaren arteko zubigintza lanak egiteko asmoz, orain zortzi urte, 2014an, ENBA sindikatuak Gipuzkoako zortzi baserrietako ateak zabaltzea erabaki zuen ekoizle eta kontsumitzaileen arteko harremana sendotu asmoz. Pixkanaka, baserri gehiago batu dira ekimenera eta VII. edizio honetan,  30 baserrik hartuko dute parte. Bisitariek aukera izango dute, baserriko bizimodu tradizionala ezagutzeaz gain, proiektu bereziak ezagutzeko ere, esaterako, egurrezko bizikletak nola egiten diren ezagutzeko aukera izango dute.

Bisita guztiak doakoak izango dira baina, aurrez, izen-ematea beharrezkoa izango da www.ongietorribaserrira.com webgunean, uztailaren 1era bitarte. Izen-ematen dutenen artean, elikagai otarra ere zozketatuko da. Bisita gidatuen inguruko informazio oro, datak eta ordutegiak barne, ekimenaren atarian daude eskuragarri.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain